Berrikuntza

Euskal Trenbide Sareak berrikuntzaren aldeko apustua egiten du

ETSren Kudeaketa Sistemak euskal trenbide-sistemako berrikuntza bultzatzen du, 2023-2033 Plan Estrategikoarekin lerrokatuta, balio iraunkorra sortzeko, eraginkortasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta ekosistema teknologikoarekiko lankidetza sustatzeko helburuarekin. EAEko trenbide-azpiegituren kudeatzaile gisa, gizartearen zerbitzura dagoen trenbide-sare seguru, eraginkor eta jasangarri baten garapenean laguntzen duten jarduera berritzaileak sustatzen ditu.

Berrikuntza - agenda 2026

Berrikuntza-agendan urtean zehar aurrerapen eta garapen maila handiena lortu duten proiektuak jasotzen dira. Proiektu bakoitza berrikuntza-esparruetako batekin lotuta dago, eta askotariko erakundeek parte hartzen dute, hala nola estatu mailako zein nazioarteko zentro teknologikoek eta unibertsitateek.

ETS - TECNALIA lankidetza hitzarmena

Elementuen analisia eta kalitate akustikoaren eta irisgarritasunaren hobekuntza

Hitzarmenaren lehen urtean, zehaztutako hiru lan-arloetan jardun da, eta ezarritako mugarriak bete dira.

ZARATA ETA BIBRAZIOAK. Esperimentazio guneko bide orria.

Benchmarking fasea amaitu da, esperimentazio-eremua eta zarata eta bibrazioekin lotutako probak zehazteko.

IRISGARRITASUNA. Trenbide-sistema irisgarriago eta inklusiboagoa.

Geltokien eremuetan eta nasa-trena interfazean irisgarritasuna hobetzeko lan egin da. Kolektibo ezberdinekin egindako tailerraren ondoren, ETSren azpiegituretan irisgarritasunaren arloan etorkizuneko irtenbide berritzaileak gidatu beharko lituzketen erronkak identifikatu dira.

KLIMA-ALDAKETARAKO EGOKITZAPENA. Eragin potentzialen identifikazioa eta arrisku garrantzitsuen lehenespena.

Balizko inpaktuen identifikazioa eta arrisku esanguratsuen lehentasunen ezarpenak egin dira. Lehen fase honetan identifikatutako arrisku nagusiei dagozkien inpaktu-kateak garatu dira, arrisku bakoitza hobeto ulertu, bistaratu eta sistematizatzeko.

Europako proiektuak

Euskal Trenbide Sareak aktiboki parte hartzen du Europako berrikuntza-proiektuetan, trenbide-mugikortasun jasangarriago, digitalago eta eraginkorrago bat sustatzeko helburuarekin. 2025ean TRANSFERMUGI proiektua jarri zen abian; ekimen honen helburua Euroeskualdeko garraioaren interoperabilitatea eta mugaz gaindiko integrazioa hobetzea da, Mendebaldeko Eremu Funtzionalean gero eta handiagoa den konektibitate integratuago baten beharrari erantzuteko asmoz.

Transfermugirekin batera, ETS CROSUSMOB eta INCREASE proiektuetan ere parte hartzen du; horien helburua da mugikortasun jasangarria sustatzea, ingurumen-inpaktua murriztea eta baliabideak optimizatzea. Ekimen horien bidez, ETSk sendotu egiten du bere rola eragile berritzaile gisa, Europar Batasunaren klima-helburuekin eta eraldaketa digitalarekin lerrokatutako trenbide-soluzioen garapenean.

Europako Proiektuak atalean ekimen horiei buruzko informazio zehatza jasotzen da, baita haien helburuak, parte-hartzaileak eta trenbide-sistemaren garapenean espero den eragina ere.

Quality Innovation Award

2021ean, Euskal Trenbide Sarea-k Quality Innovation Award Nazioarteko Lehiaketan Public Service Innovations kategorian saria jaso zuen, “Abiadura txikiko trenbide-lineetarako mini-hesi akustikoak” proiektuagatik; hiri-inguruneetan zarataren eragina minimizatzera bideratutako irtenbidea da.

Halaber, 2019an, lehiaketa berean, Public Service Innovation kategorian Prize Winner aitortza lortu zuen “Adimen artifizial bidezko ikusmen-sistemaren bidez trenbide-pasabideen gainbegiratzea” proiektuari esker; monitorizazio-teknologia aurreratuen bidez segurtasuna indartzen duen ekimen aitzindaria izan zen.

Kalitate Berrikuntzako Saria Zerbitzu Publikoko Berrikuntzen kategorian

Azken aldaketako data: