Berdintasuna

ets berdintasuna estalkia

Argazkia Txema Camara-ren eskutik


Euskal Trenbide Sareak bost berdintasun plan gauzatu ditu

ETSk, Emakundek ematen duen eta Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunean laguntzen duen Erakunde gisa aintzatesten duen bereizgarria du 2016tik. Emakumearen Euskal Erakundeak, laneko baldintzen eta enpleguaren kalitatearen alorretan tratu berdintasuna bermatzera zuzendutako jarduketak eta erakundeak kanpora begira aurrera eramandako jarduketak hartu zituen kontuan.

Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunean laguntzen duen Erakunde izateko baldintzak, emakumeek eta gizonek enpresan bizi duten egoerari buruzko diagnostikoa egitea eta langileen kontratazioarekin, sustapenarekin eta prestakuntzarekin erlazionatutako helburuak eta ekintzak barne hartuko dituen ekintza positibo plana gauzatzeko konpromisoa dira. Beste eskakizun batzuk zuzendaritza taldeko kideak aukera berdintasunean prestatzea; kontratazio, aukeraketa eta prestakuntza prozesuak berrikustea; familiako erantzukizunak dituzten pertsonen lan malgutasuna eta informazio edo sentsibilizazio kanpainak egitea dira.

Bereizgarriaren helburua ez da berdintasun alorreko bikaintasuna aintzatestea, emakumeek eta gizonek erakundean bizi duten egoera hobetzeko konpromiso irmoa erakustea baizik.

Helburu horrekin, Euskal Trenbide Sareak bost berdintasun plan gauzatu ditu. 

5.Plana (PDF, 2 MB) 

Eusko Jaurlaritzako sailetan, erakunde autonomoetan eta erakunde publikoetan berdintasun-politikak bultzatu eta koordinatzeaz arduratzen diren administrazio-unitateak arautzen dituen azaroaren 27ko 213/2007 Dekretuan jasotzen den bezala, ETSk unitate administratibo bat du erakundearen zuzendaritzekin lankidetzan aritzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen Berdintasunerako Euskal Planean xedatutakoa betetzeko.

Berdintasunerako unitate honek hiru pertsona ditu, eta erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren mende dago zuzenean. Bere eginkizunak betetzeko, ETSko arlo desberdinetako pertsonez osatutako diziplinarteko lantalde baten laguntza du.

ETSk bat egiten du, ohikotasunez, Emakundek antolatzen eta deitzen dituen jarduerekin, martxoaren 8a Emakumearen Egunarekin edo azaroaren 25a genero indarkeriaren kontrako egunarekin, besteak beste. Horrez gain, urtero udazkenean antolatzen den Berdintasunaren Foroan ere hartzen du parte, lantalde osoari zuzendutako zenbait jarduera antolatuz.