Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarri Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, argi berdea eman dio Amorebieta eta Bermeo arteko lineako Mundakako bidezubia konpontzeko eta babesteko lanen lizitazioari. Onartutako aurrekontua 2,8 milioi eurokoa da, BEZ aparte, eta egikaritze-epea 20 hilabetekoa.
Bidezubia Lamiaran kalaren gainean dago, Mundaka eta Bermeo arteko trenbidean, metro bateko zabalerako eta trenbide bakarreko trazadura zuzenean, 15 metroko altueran labar bat gurutzatzen duen 4 metroko zabalerako taula batean. Egitura harlanduz estalitako hormigoi ziklopeozkoa da, 90 metro da luze eta 10 baotan banatuta dago.
Duen kokapena dela eta itsaso zabalaren eraginpean dago, neurri batean Bermeoko kai nagusiak babesten duen arren. Kokapen horrek ekaitzei aurre egin behar izatea dakar, eta, beraz, horiek eragina dute egituraren portaeran eta haren zimenduan.
Bidezubia Sukarrieta-Bermeo tarteko, Amorebieta-Bermeo linearen azken faseko, zati gisa eraiki zen. 25 kilometro dituen Amorebieta – Gernika eta Sukarrieta tartea 1893an inauguratu zen, Pablo de Alzola y Minondo bide-ingeniariak 1884an proiektatu eta gero. Hala ere, 1944ra arte ez ziren hasi lineari jarraipena emateko azken tarte horretako lanak, eta 1955eko abuztuaren 16an inauguratu zen.
Obran Mundakako bidezubia konpondu eta babestu egingo da. Horretarako, hormigoizko dike bat egitea aurreikusi da, bidezubia olatuen indarretik babesteko. Lan hori zubia konpontzeko aurreikusitako obrari ekin aurretik egingo da. Olatuen indarra arinduko duen dikea mikropiloteen bidez zimendatuta diseinatu da.
Zubia dagoen tokia dela eta, eta dikea egiteko hormigoia erabili behar denez, hodi bat jarriko da dikea ponpatzeko BI-2235 bidetik kalaraino. Behin-behineko elementua izango da, ahalik eta eragin txikiena izango du inguruan, eta lanak amaitu ondoren kendu egingo da.
Dikea bukatutakoan, bidezubia konpontzeko lanei ekingo zaie, zimenduetan bermatutako aldamioen bidez, dike berriaren babesean dagoeneko. Pilaketarako eremu gisa ere erabiliko dira. Lan hauek egingo dira: zuloak lehengoratu, hormigoizko elementuak karbonataziotik babestu, landaredia eta gainazal kaltzifikatuak kendu, junturak berritu eta abalasto-hormatxoak berreraiki. Hormatxo horiek babes-baranda izango dute.