Datorren ekainaren 8an, Pasaiak Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide-saihesbidea egiteko Antxon okupatuta egon diren lursailen zati bat berreskuratuko du. Lanek lurrazpiko geltoki berri bat emango diote udalerriari, eta 7,5 minutuko maiztasuna Donostiako erdigunearekiko loturan.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, amaitu du Eskalantegi eta Hamarretxeta kaleen arteko zumardian egingo den geltokiaren goiko lauza. Lanen aurrerapenari esker, ekainaren 8tik aurrera gune hori herritarrentzat berreskuratu ahal izango da. Era berean, aurreikuspenak betetzen badira, Gelasio Aranburu kalea ekainaren 17tik aurrera irekiko da.
Urtarrilean egindako bisita batean, gaur egun jardunean dagoen Iñaki Arriola Garraio sailburuak, aurreratu zuen egun hauetarako itzuliko zela gune hori, herritarrek erabil zezaten. Espazioak oinarrizko urbanizazioa du, drainadura eta behin-behineko argiztapena dituen hormigoi zimurtuzko geruza bat, hain zuzen. Behin betiko hiri-altzariak lanen amaieran instalatuko dira.
Saihesbidearen obra, epeak betetzen ari da, eta, une honetan, Hamarretxeta eta Ibaiondo arteko goiko lauza egiteko lanek jarraitzen dute. Aldi berean, Eskalantegitik hurbilen dagoen eremuan behetik ari dira egiten hondeaketa-lanak. Ibaiondon, berriz, larrialdiko aireztapenerako lanak ari dira egiten, eta, aldi berean, Molinaoko errekastoko harlangaitzezko horma eraikitzeko obrak.
Dagoeneko amaituta dagoen Pasaia eta Altza lotzen dituen tunelaren tartean kontragangaren hormigoiztatzea eta hormatxo gidariak egitea dira lanen ardatza. Horien gainean eutsiko da enkofratu-orga, Topoa igaroko den galeriaren hormigoizko estaldura egiteko. Galtzaraborda inguruan aste honetan hasi dira lehenengo metroak hondeatzen atzerako-hondeamakinaren bidez, datozen asteetan marruskadura-makinarekin lanei jarraipena emateko zain.
Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita osatuta geratuko da 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. Martxan jartzearekin batera, Topoak 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei.
Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdiko irteera Hamarretxea kalearen inguruan egongo da. Alboko nasak izango ditu, baina eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bidez konektatuta egongo dira atariarekin.