Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Donostian dagoen Amarako merkantzien saihesbidearen obren lizitazioa onartu du, 8,5 milioi euroko zenbatekoan eta 18 hilabeteko egikaritze epearekin.
Proiektuaren xedea, Lugaritz-Easo saihesbidea martxan jarri ondoren Lugaritz eta Anoetako merkantziak lotu ahal izateko trenbide-adar berria eraikitzea da, merkantzietarako izan ezik erabilerarik gabe geratuko den Aieteko tunelaren aprobetxamendu handiagoa bilatuz.
Proiektaturiko linea berria tunelean eta tunel faltsuan gauzatuko da erabat. Proposatutako trazadura Donostia-Hendaia linearekiko konexioa optimizatuko duen soluzio gisa sortu da, eskaturiko funtzionaltasuna bermatuko du eta gas fabrika zaharraren eraikin babestuaren gaineko eraginak saihestuko ditu. 450 metro eskaseko linea da, eta Aieteko tunela eta Morlanseko lurperatzea lotuko ditu; horrela, merkantzia-trenek Pasaiarako noranzkoan zirkulatu ahal izango dute.
Alde horretatik, eta merkantzien trafikorako trenbide-sarea indartzeko asmoz, Garraio sailak Pasaiako portura sartzeko metro bateko zabalerako trenbidearen obrak lizitatu berri ditu. Lanen garapenak 5,5 milioi euroko hasierako aurrekontua (BEZik gabe) eta 20 hilabeteko egikaritze epea ditu.
Pertsonen eta merkantzien trenbide-sarearen hobekuntza
Garraio Sailak Topoa hobetzeko hainbat jarduketa egin ditu azken urteotan: trenbide bikoizketak, geltoki berriak (Intxaurrondo, Altza eta Fanderia), Loiolako geltokiaren modernizazioa, edo hiri-integrazio proiektuak Loiola, Herrera eta Oiartzunen.
Gaur egun, Anoetako atari berria eraikitzeko eta hori bide eta hiri ingurunean integratzeko obrak, Pasaian geltoki berria izango duen Altza-Galtzaraborda saihesbidea, eta Lugaritz-Easo saihesbidea egiten ari da.
4,2 kilometroko luzerarekin eta hiru geltoki berrirekin, erabat tunel barrutik doa eta Donostiako erdigunetik igarotzen da. Hala, trazadurak, gaur egun Bilbo-Donostia eta Donostia-Hendaia lineen artean zirkulatzen duten merkantzia-trenen erabilera mugatzen duten malda handiak ditu.
Oraingoz, Amarako geltokian beharrezkoa den erreboteak mugatu egiten du merkantzia-zerbitzuen funtzionaltasuna eta ustiapena; izan ere, zerbitzu horiek erabiltzeko, geltokiraino sartu behar da, makinaren noranzkoa aldatu eta beste lineatik irten. Udan has daitekeen merkantzien saihesbidearen obrak defizit hori arintzen lagunduko du.