Garraio Sailak Morlans eta Anoeta arteko trenbidearen hiri-integraziorako alternatiben azterlana esleitu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak, Donostiako Errondo pasealekuan Morlans eta Anoeta arteko trenbidearen hiri-integraziorako alternatiben azterlanaren idazketa esleitu dio Typsari 103.000 euroren truke eta sei hilabeteko egikaritze-epearekin. Horretarako, trenbidearen trazadura eta horrek hiri-ingurunean duen eragina aztertuko dira, eta, hala badagokio, hiri-bilbean hobeto integratzeko esku-hartzeak definituko dira, hala nola oinezkoen ibilbideak sortzea oinezkoentzat tokia irabaziz, ingurumen arloko neurriak, zarata xurgatzeko neurriak, egungo trenbideak kontserbatuz edo asmo handiagoko esku-hartzeak gauzatuz, trenbideak lurperatzea, estaltzea edo lekuz aldatzea, besteak beste. 

Enpresa esleipendunak hauek aztertu beharko ditu: trenbidea estaltzeko edo lurperatzeko dauden aukerak, zarata xurgatzeko elementuak ezartzeko aukerak, eta eraikuntza-prozedurak, egikaritze-fase bakoitzerako zehaztu beharko den trenbide-zirkulazioaren gaineko eragina murrizteko. Ondoren, aukera bakoitzaren irizpide anitzeko balorazioa egingo da, eta ondorio bat aterako da, egokiena gomendatuz. 

Trenbidearen hiri-integraziorako aukerak definitzerakoan eta baloratzerakoan kontuan hartu beharreko alderdietako bat proposatutako soluzioek Amara Berriko ingurunean duten inpaktu akustikoa da. Kontratu honetan, eragin akustikoen kuantifikazioa jasotzen da –trenbideak eta beste foko batzuek eragindakoak–, bai eta baloratu beharreko alternatibak modelizatzeko beharrezkoak diren datu guztiak lortzeko azterlanak eta neurriak hartzea ere. Etengabeko erregistroa egin beharko da eragiketa-aldian eta zirkulazio-mota guztiak ezaugarritzeko beharrezkoak diren tarteetan. 

Zaraten mapen zuzenketa 

Testuinguru horretan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eta Euskal Trenbide Sareak agindei bana aurkeztu dizkiote Donostiako Udalari, ETSk garaiz eta behar bezala aurkeztutako alegazioak aintzat hartu gabe Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko urtarrilaren 3an egindako bileran behin betiko onartu zituen Donostiako aglomerazioaren Zarataren Mapa Estrategikoak zuzen ditzan. Euskal trenbide-administratzaileak bere idazkian gogorarazi du bera dela trenbide-eremuan zarata-mapak egiteko eskumena duen bakarra. 

Testuinguru horretan, gogorarazi du Udal Batzarrak erabakia hartu baino hilabete eta erdi lehenago Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak behin betiko onartu zituela Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko lineen trenbide-ardatzei dagozkien Zarataren Mapa Estrategikoak, eta ez zuela horren gaineko alegazio bakar bat ere jaso. Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalari eskatu dio trenbide-eremuari dagokionez, bere zarataren maparen ordez ETSrena ezartzeko, arlo horretan eskumena duen erakundea den aldetik. 

Horrela, titulartasun autonomikoko lineen trenbide-ardatzei dagozkien Zarataren Mapa Estrategikoek, euskal trenbide-administrazioak Errondoko pasealekurako baimendutako gehieneko dezibelioak betetzea jasotzen dute, bidaiarien eta merkantzien trafikoetan.