Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, astelehen honetatik, hilaren 7tik, aurrera jarriko du martxan Zarauzko San Pelaioko geraleku berria. Aurretiazko urrats gisa, joan den hilaren erdialdean beheko pasabidea ireki zen, trenbidearen iparraldean eta hegoaldean dauden bi bizitegi-sektoreren arteko lotura errazteko. Horrela, udan hondartzara doazen oinezkoentzako joan-etorriak ere erraztu dira.
Erabat berriturik dagoen geraleku berriak hobekuntza ugari izan ditu, azken urteetan trenbideko azpiegitura horren eskaria hirukoiztu egin dela kontuan hartuta, batez ere. Izan ere, 2013an 100.029 erabiltzaile izatetik 2019an 331.595 izatera igaro da. Igoera hori, ziurrenik, areagotu egingo da Zarautz-Donostia tartean, Donostian Topoaren trenbideko saihesbidea martxan jarri ondoren.
Horrela, obren ondoren, San Pelaioko beheko pasabideak 3 eta 6 metro arteko zabalera izango du. Halaber, 70 metro luze eta 2,80 metro zabal zen nasa, 80 metro luze eta 3,5 metro zabal izango da. Babeserako elementu gisa, geralekuak 11 metro inguruko markesina bat zuen nasaren erdian, eta orain markesina hori 28 metrokoa izango da.
Geltoki berriak 100 metro karratuko ataria du orain, eta beheko pasabidetik heltzen da bertara. Txartelak saltzeko makinak, makina baliogabetzaileak, txartelak saltzeko eta bezeroari informazioa eta arreta emateko erakusmahaia eta gela teknikoak ditu. Bertatik, nasarako sarbidea eskaileren edo igogailuaren bidez egiten da. Igogailuak bizikletak garraiatzeko ahalmena du.
Bestalde, Meagako tunelaren estaldura indartzeko lanak egiten ari zirela jasandako luiziaren ondorioz, trenbideko zirkulazioa gutxienez sei hilabetez etengo da. Aldi horretan Zumaiako eta Zarauzko geltokien arteko zerbitzua autobusez beteko da. Ordezko garraioaren iraupen hori gutxi gorabeherakoa da, luiziaren benetako irismena ezagutu arte.
Joan den uztailaren 4tik, ETS hainbat obra ari da egiten eremu horretako trenbide-azpiegitura hobetzeko, eta, beraz, egun horretatik aurrera, bidaiarien zerbitzu erregularra autobus bidez egiten da, tartea moztuta baitago. Meagako tunelean estaldura indartzeko, trenbidea berritzeko eta trenbideko plataforma jaisteko lanak egiten ari dira. Zirkulazioa etetea eragin duten gainerako lanak Zumaiako zubian eta San Migel tunelean daude. Lan horiek guztiek ia 6 milioi euroko inbertsio orokorra eskatu dute.