Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Lugaritz eta Easo artean doan topoaren saihesbideko instalazio elektrikoen eta ekipoen kontratuaren lizitazioa onartu du. Proiektuak 15.453.197 euroko oinarrizko aurrekontua eta 22 hilabeteko egikaritze-epea ditu.
Egin beharreko lanen artean 13,2 kV-ko sareko eta konpainiako hartune elektrikoak, tuneleko instalazioak, geltokiak eta larrialdietako irteerak, eta energia-sistemaren kontrola eta komunikazioak daude. Topoaren saihesbidearen linea luzatzeko, Lugaritzeko geltokiari hainbat aldaketa egitea ere beharrezkoa izango da.
Proiektuak, halaber, Errekaldeko tunelaren, Añorgako tunelaren eta Añorgako geltokiaren egungo transformazio-zentroak 13,2 kV-ko ETSren sare propioaren barruan integratzeko zenbait jarduketa jasotzen ditu, baita 13,2 kV-ko sarea Loiolako egungo geltokiaren transformazio-zentroraino luzatzeko ere.
Trenbide-saihesbidea eraikita eta martxan jarrita, Donostiako erdigunea lurpeko sistemarekin hornituko da, unibertsitateei zerbitzua emateko, eta gaur egun Amarako geltokiak dakarren zaku-hondoa kenduko da.
Tarte berriaren hasiera Lugaritzeko geltokian dago, eta amaiera Morlanseko lurpeko tartean. 4,2 km-ko luzera izango duen ibilbide berria hiriko behealdetik (Antigua, Erdialdea eta Amara) gertu igaroko da eta hiru geltoki berri planteatzen ditu: Bentaberri, Erdialdea-Kontxa eta Easo (gaur egungoa ordezkatzen du) eta larrialdiko bi irteera, Pio Barojan eta Zarautz etorbidean.