Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa, `Brandeburgoko Atea’ izenekoaren lekualdaketa prestatzen hasi da, abiadura handiko Atotxako geltoki berriaren ataria eraikitzeko lanekin jarraitu ahal izateko. ETSk sistema horren alde egin du, egitura desmuntatu eta berreraiki beharrean, arkupea bere egungo itxurarekin kontserbatzeko bermea ematen duela uste baitu.
Geltokiko atari lurperatua itxiko duten pantaila-hormak eraikitzeko lanak amaitu ondoren, harreragunea izango dena aire zabalean hondeatu aurreko jarduerei ekin zaie. Hondeatu beharreko azalera gaur egun behin-behineko terminalak erabiltzen duenari gehituko zaio, eta 7.400 metro karratuko azalera izango du. Espazio horrek, oinezkoak zein aldiriko eta distantzia luzeko bidaiariak banatzeko balioko duen Egiako azpiko pasabide handitu berria barne hartuko ditu.
`Brandeburgoko atea´ izenekoak, etorkizuneko geltokiaren esparruan hondeatu beharreko eremuaren zati bat hartzen du gaur egun, eta, beraz, ezinbestekoa da beste leku batean kokatzea, hustuketa-lanei ekin eta atariko goiko forjatua kale-kotan amaitu aurretik.
Zutabeek eratutako multzoa arkuz osatutako bost bao berdineko arkupea da, eta 3,5 metro inguruko luzetarako argia eta 3 metroko zeharkakoa ditu. Arkitektura eklektikoa du, hainbat garaitako estiloak nahasten ditu, eta hori nabariagoa da taulamenduko elementu apaingarrietan eta arkuetan. Forma guztiak hormigoiz eginda daude gaur egun, eta pilastretako fusteek, berriz, harlanduzko aparailua erakusten dute.
Eraikinaren interesik handiena perspektibaren hondoa Maria Kristina zubitik egitea da, haren ardatzaren luzapenean baitago. 2013. eta 2017. urteen artean, arkupea desmuntatu eta berreraiki egin zen, lurpeko autobus-geltokia eraikitzearen ondorioz. Lehenago ere desmuntatu zuten, 1992an.
Arkupea hormigoi armatuzko barne-egitura batek eusten du, eta, horri esker, egitura horren multzoa bultzatzeko prozedura bat diseinatu ahal izan da, desmuntaketa saihesteko. Bultzatzearen helburua arkupea zeharka 4 metro inguru lekuz aldatzea da, hau da, 150 tona inguruko pisua Frantzia pasealekuko biderantz mobilizatzea, Maria Kristina zubiaren ardatzarekin lerrokatuta. HEOBPBan babestutako zutabetxoaren desplazamendua katalogatutako elementua babesteko egiten da, eta, aldi berean, geltokia eraberritzeko lanak egin ahal izateko.
´Heavy Lifting´ edo katu bidez altxatzea eta lekualdatzea izeneko bultzatze-sistema, beraien behin betiko kokapenetik kanpo eraikitako zubiak edo egiturak lekualdatzeko erabili ohi da obra zibilean. Katuen edo zilindro hidraulikoen bidez multzoa jaso eta bultzatu egiten da, tefloi-gainazala duten neoprenozko pastillak eta egiturara finkatutako irristailuak dituzten erreiez osatutako lerradura-sistemaren gainean.
Joan-etorriko maniobra aste honetarako aurreikusi da. Gaur egun, aurretiazko lanak egiten ari dira. Lan horien bidez, arkupea sendotu egiten da, eta, horretarako, kanpoan metalezko egitura bat instalatzen da, zurkaizteko eta txarrantxatzeko, eta, horrez gain, zutabeen eta euspeneko-lauzaren arteko konexioa mozten da.
Lekualdatzeko eragiketa denbora laburrean egin daitekeen arren, normalean ordubete baino gutxiagoan, prozedura osoaren fase guztiak gauzatzeko, gutxienez 4 lanegun beharko dira: bultzatze- eta irristatze-sistema instalatzea (oinarriak, erreiak, tefloi-euskarriak, katuak, zentral hidraulikoa, etab.), arkupea era sinkronizatuan altxatzea katu hidraulikoen erreakzioaren bidez zurkaizketarako metalezko habeen gainean, patinak kokatzea eta arkupea jaistea, multzoaren bultzatze mailakatua egitea azken posiziora arte, arkupea berriro altxatzea, irristatze-sistema kentzea eta azken posizioan jaistea.