Garraio Sailak 4,3 milioi euroren truke lizitatu ditu Zumaiako trenbideko zubia konpontzeko lanak

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak lizitaziora atera ditu Zumaian Bilbo-Donostia lineako Urola ibaiaren gaineko zubia konpontzeko eta indartzeko lanak, 4,3 milioi euroko kostuarekin. Eskaintzak aurkeztu nahi dituzten enpresek 15 hilabeteko epea izango dute lanak egiteko. 

Urola ibaiaren gaineko zubia 1900. urtean eraiki zen, Deba-Zarautz tartearen barruan, eta 1901eko urtarrilaren 1ean inauguratu zen. 1989. urtean, jatorrizko zubia sendotzeko lanak egin ziren, deformazio garrantzitsuak zituzten jatorrizko bi saretak deskargatzeko, sareta zentral bat jarrita. Ondoren, 2003an, bidezubia orokorrean margotzeari ekin zitzaion, eta egituraren profilen zati handi bat ordeztu zen, elementuetan lotune torlojutuak nahiz soldatuak erabiliz. 

102 metroko luzera du guztira, eta 51 metroko argia duten bi bao, erdiko zutabe batean eutsita. Taula, beraz, sareta forman dauden metalezko bi habe nagusiz osatuta dago, eta horrek ematen dio duen itxura berezia. Zutabea eta estribuak kareharrizko harlanduzkoak dira. Euskarriak 9,40 metroko zabalera eta 12,5 metroko altuera ditu guztira. 

Goiko aldetik metro bateko zabalerako trenbide bakarra igarotzen da, hormigoizko eta balastozko trabesen gainean eutsita. Halaber, zubiak katenariako zutoin bati eusten dio, eta egiturarako sarbideetan bi zutoin gehigarri ditu. 

Azterlan zorrotzak denboraren ondorioz egiturak izan duen higadura jasotzen du. Estribuek hezetasunak dituzte, nabarmenagoak iparraldeko hormetan, eguzkiak gutxiago jotzen duelako. Euskarriek zikinkeria ugari dute perimetroan, herdoil erakoa, eta inguruko metalezko elementuen narriaduraren ondorioz pilatu egin da. Zutabeak hareatzeak eta lainoztatzeak ditu alboetako harlanduetan, jariatzeak eta haizearen eraginak sortutako higaduraren ondorioz. 

Saretak osatzen dituzten elementuei dagokienez, korrosioak eragindako kalteak dituzte. Zertxobait esanguratsuagoak beheko aldeetan, euri-urak diagonalen bitartez xukatzen direlako. Pinturak hondatze-zantzuak ditu egituraren zati handian, azkenengoz margotu zenetik igaro den denbora dela eta. Hori dela eta, zurrustatzea eta berriro margotzea komeni da. 

Egoera hori zuzentzeko, enpresa esleipendunak gehien kaltetutako metalezko egituraren zatiak ordeztu eta indartu beharko ditu; zutabeetan eta estribuetan narriatuta dauden puntuak saneatu egingo ditu. Era berean, trenbide plataformako drainatzea optimizatuko du, balastoa ordeztuko du, erreia berrituko du, katenaria aldatuko du, eta bidezubi osoa zurrustatu eta margotuko du. 

Ingeniaritza lana

Urola ibaiaren gaineko egitura XIX. mende amaierako ingeniaritza-lan bikaina da. 1898ko ekainaren 22an, Pedro Gandiaga kontratista Debatik Zumaiarako trenbidea eraikitzeko obren esleipendun suertatu zen, 1.588.112 pezetaren truke. Zumaia eta Zarautz arteko tartea 667.480 pezetatan esleitu zitzaion José Ignacio Ostolazari, eta 1899ko otsailaren 3an, hark Talleres Miravalles enpresari kontratatu zizkion lineako metalezko tarte guztiak; horien artean, Zumaiako Urola ibaikoa nabarmentzen da, 102 metroko luzerakoa. Erdiko zutabea Amadeo Amador kontratistari agindutako harlanduzko fabrikakoa da. 

1899ko apirilaren 3an erreiak ‘La Vizcaya' enpresarekin eta trabesak José Uribasterrarekin kontratatu ziren. Tarteen inaugurazioa egun hauetan egin zen: 

? Elgoibartik Debara, 1893ko abuztuaren 3an

? Debatik Zarautzera, 1901eko urtarrilaren 1ean

? Zarautzetik Donostiara, 1895eko apirilaren 9an 

Deba-Zarautz tartearen inaugurazioarekin Elgoibar eta Donostia arteko zerbitzua ematea lortu zen eta, beraz, Bilbo eta Donostia arteko lotura zuzena ezartzea.