Joan edukira
euskadi.eus

Susana García Chueca: ?Adin guztietako mila pertsona baino gehiagok bisitatu dituzte dagoeneko Topoaren geltoki berriak?

Argitalpen-data: 

Susana García Chueca: ?Adin guztietako mila pertsona baino gehiagok bisitatu dituzte dagoeneko Topoaren geltoki berriak?

Azken asteetan, mila pertsona baino gehiagok ezagutu dituzte Donostiako Topoaren lurpeko hiru geltoki berriak: Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa. Geltoki horiek azaroaren 21ean jarriko dira martxan. 

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eskerrak eman dizkie donostiarrei SER Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, bisitek izan duten harrera onagatik. “Hiru aste trinko izan dira”, adierazi du sailburuak, eta nabarmendu du “mila pertsona baino gehiago” izan direla geltoki berriak bisitatzen, adin guztietakoak, baita haurrak ere. Bisitariek tren berrien kabinak ikusteko aukera ere izan dute. 

García Chuecaren hitzetan, bisitariak “poz-pozik atera dira”, eta askok ez zuten espero hiriaren azpian hain geltoki handiak eta argitsuak aurkitzea. 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saileko, Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko profesionalek gidatu dituzte bisitak. Horiei esker, adin guztietako herritarrek hiru geltoki berriak nola eraiki diren ezagutu ahal izan dute, erabilitako eraikuntza-metodoetatik hasi eta materialetaraino. Era berean, Gipuzkoako hiriburuko 4,2 kilometroko lurpeko pasabide berria osatzen duten bi tarteen berezitasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. 

Azken asteetan, bisitariek Euskotrenen 980 serieko tren berriak martxan ikusi ahal izan dituzte, Euskotreneko makinistek egindako probetan. Unitate horiek Topo berria martxan jartzearekin batera hasiko dira lehen aldiz zerbitzua ematen EAEko trenbide-sarean, eta segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloko azken berrikuntzak dituzte. 

García Chuecak Topoaren erabilerak “igoera garrantzitsua” izango duela aurreikusten du, Amarako zaku-hondoa kentzeari, hiru geltoki berriak irekitzeari eta Añorga eta Pasaia artean zazpi minutu eta erdian behingo maiztasunak ezartzeari esker. Sailburuak, halaber, nabarmendu du trena emisio gutxiko garraiobidea izateaz gain oso fidagarria dela, ez baitago errepideko trafikoaren gorabeheren mende. 

Etorkizuneko erronken artean, Irunerantz zein Gipuzkoako mendebaldeko kostalderantz trenbide-azpiegitura hobetzea aipatu du sailburuak, zerbitzu hobea eskaintzeko eta tren-zirkulazioak handitzeko. 

Era berean, Loiolako Erriberetako aldageltokia eraikitzea nabarmendu du. Bertan, Euskal Trenbide Sarearen eta Adifen azpiegiturek bat egingo dute, Euskotrenek eta Renfek kudeatzen dituzten zerbitzuen arteko lotura errazteko. Horrela, Gipuzkoan ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera bidaiatzeko aukerak hobetuko dira.

Topoaren zerbitzu berria azaroaren 21ean, larunbatean, jarriko da martxan. Ordutik aurrera, Donostian ibilbide jarraitua izango du, hiru geltoki berriekin eta tren-maiztasun handiagoekin.