Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Bilboko portua abiadura handiko sare berriarekin lotuko duen Burtxako eta Castaños ibaiaren artean joango den 1,8 kilometroko Hegoaldeko Trenbide-saihesbidearen tartea esleitu du.
Lanen esleipendun izan den aldi baterako enpresa-elkartea Bycam, Altuna y Uria eta Jaizubia enpresek osatzen dute. Aurkeztu duen eskaintzak 58,9 milioi euroko aurrekontua eta 36 hilabeteko egikaritze-epea ditu.
Tartea, esleitutako bigarrena, Barakaldoko udalerritik igaroko da oso-osorik, eta 1,8 kilometroko meatze-tunel bat eta Mesperuza kalean amaituko den 477 metroko larrialdi-irteera bat izango ditu.
Proiektuak zabalera mistoko (estandarra eta iberikoa) plaka gaineko elektrifikatutako trenbide bikoitzeko linea baterako trenbide-plataforma definitzen du. Tunelak eta larrialdietarako irteerak tunel artifizialak dituzte ahokaduretan, paisaian hobeto integratzeko eta ezpondak ingurumenarekin bat etorriz lehengoratzeko.
HTSren proiektuak eta eraikuntza Gobernu zentralaren, Eusko Jaurlaritzaren eta ADIFen artean 2017an sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota daude. Akordio berak jasotzen du Eusko Jaurlaritzak aurreratuko dituen lanen kostua Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuari ordaindu beharreko kupoa gutxituz konpentsatuko dela. Agindu horrek bi fasetan banatzen du HTS, eta Eusko Jaurlaritzari agintzen dio eraikuntza-proiektuen idazketa eta lehen faseko plataforma-obren egikaritzea. Bigarrenaren informazio-azterlanaren idazketa ere Eusko Jaurlaritzari agintzen dio.
Hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeak helburu bikoitza du: Bilboko portuko merkantziei irteera bat ematea, nazioarteko zabalerako sare baten bidez, eta ezkerraldeko udalerriak salgaien trafikotik askatzea.Ortuella eta Bilboko Olabeaga auzoaren arteko HTSren 1. faseak 484,7 milioi euroko aurrekontua du guztira.
Ortuellako mugetatik igarotzen den HTSren lehen tartea iaz esleitu zen, eta dagoeneko egikaritzen ari da, eta udan hasiko dira Burtxako-Castaños ibaia tarteko aurreko lanak.

