Mugikortasun Jasangarriaren Sailak 695 milioi euroko aurrekontua izango du 2027ko ekitaldian, Susana García Chueca sailburuak asteazken honetan Sailaren ildo estrategiko nagusiekin batera Legebiltzarrean azaldu duen proiektuak jasotzen duenez. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 19,5 handitu da aurrekontua, eta aukera emango du Euskadiko hiru lurralde historikoetan martxan jarritako edo eraikitzen ari diren proiektuak sendotzeko, baita mugikortasun jasangarria sustatzeko ere, garraio publiko moderno, eskuragarri eta eraginkorraren bidez.
Sailburuak xehatutako kontuek trenbide- eta tranbia-sarea zabaldu, hobetu eta kontserbatzea dute helburu, baita mugikortasun jasangarria eta herritarren garraio publikoaren erabilera sustatzen duten ekimenak garatzea ere.
MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO ESTRATEGIA
Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak —besteak beste, Euskotrenen zerbitzuak eta Renfek kudeatzen duen aldiriko trenen zerbitzua koordinatzen ditu— 280,7 milioi euro izango ditu 2027an.
Zuzendaritzak honako helburu nagusi hauek izango ditu:
- Trena eta tranbia bultzatzea, baliabide jasangarri eta gizartearen eta lurraldearen egituratzaile gisa. Aurrekontuen proiektuak 157 milioi euro jasotzen ditu Euskotrenek Eusko Jaurlaritzaren sare propioan ematen duen zerbitzuari emateko, eta 95,1 milioi euro Eusko Jaurlaritzari transferitu zaion eta Renfek kudeatzen duen aldiriko zerbitzuari emateko. Azken horietatik 3,4 milioi Arabako Lautadako zerbitzua sendotzeko izango dira.
- Tren eta tranbia gehiago eta hobeak. Euskotrenek, Zuzendaritzaren menpeko sozietate publikoak, 64,2 milioi euroko inbertsioak egingo ditu. Kontu-sailik handienak trenak eta tranbiak erosteko eta berritzeko izango dira, eta Bilboko metropoli-trenaren etorkizuneko 5. lineak ekarriko dituen beharrak aurreikusten dira. Baita tranbia Gasteizko Zabalgana auzora zabaltzea ere, 12 tranbia estraluze erosita.
- Mantentze-lanen eta segurtasunaren eraldaketa digitala. 2027an, European Rail Traffic Management System (ERTMS) ezartzen jarraituko da pixkanaka; seinaleztapena, komunikazioa eta trenbide-kontrola modu estandarizatuan egingo dira Europako eremu osoan. Bestalde, Euskotrenek trenbidearen auskultazio- eta ikuskapen-sistema berri bat jarriko du martxan, eta hainbat lineatako 5 unitatetan probatzeko gehituko da. Gailuaren bidez, bidearen eta katenariaren egoera ibilbidean zehar ikuskatu ahal izango da, anomaliak detektatzeko. Gainera, iaz izandako itzalaldi elektriko orokorraren moduko egoerei aurre egiteko, tetra komunikazio-sistema izango dute tranbiek.
- Guztientzako garraio eskuragarria. 9,1 milioi euro beste euskal administrazio batzuei laguntzeko esleituko dira, garraiorako hobariak kofinantzatzeko.
- % 100 irisgarria izango den garraioa helburu. Euskotrenek 7,4 milioi euroko balioa duten jarduketak egingo ditu trenen eta tranbien barrualdean irisgarritasun unibertsalaren arloan aurrera egiteko. Besteak beste, ikusmen urriko pertsonentzat oinez hautemateko zorua eta mugikortasun urriko pertsonentzat gaitutako kotxea dela adierazten duten led argiak jartzea aurreikusten da.
TRENBIDE-AZPIEGITURAK
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak 408,9 milioi euro izango ditu garatzen ari diren azpiegiturak egikaritzen jarraitzeko, azpiegitura berriak planifikatzeko eta lehendik daudenak mantentzeko eta hobetzeko, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bidez.
Trenbidearen aldetik, Donostiako erdiguneko trenbide-pasagunea eta Altza-Galtzarabordako saihesbidea martxan jarri ondoren, obrek eragindako guneak berritzeko eta urbanizatzeko lanak daude aurreikusita, baita Pasaiako biaduktua eta geltoki zaharra eraistea ere; 10,8 milioi euroko zuzkidura izango dute. 2,4 milioi Amarako merkantzia-trenen saihesbiderako izango dira. 2027ko aurrekontuetan aurreikusita dago, halaber, Zumaiako kotxetegien eraikuntza-lanak amaitzea, Amarako trenbide-gunearen erabilera bertan behera uzteko eta, ondoren, urbanizatzeko. Galtzarabordako (Errenteria) trenbideak estaltzeko lanek 640.000 euroko hasierako aurrekontua dute, eta 7,2 milioi euroko konpromiso-kredituak 2027rako. Gainera, Loiolako Erriberetako (Donostia) eraikuntza-proiektua amaituko da eta aldageltokiaren lanak hasiko dira, ETS eta Adifen lineek eta Euskotrenen eta Renferen Gipuzkoako zerbitzuek bat egingo duten tokian; 4,4 milioi euroko zuzkidura izango du.
Bestalde, Bilboko metroaren 5. linea eraikitzeko lanek 70 milioi euroko zuzkidura izango dute. Horrez gain, Bilboko metropoli-trenbidearen 4. linea eraikitzeko lanak abiaraztea aurreikusten da, lau tarteetatik hiru laster amaituko baitira, eta aurrekontuan 3,7 milioi izango dituzte. Gainera, hiri-inguruaren etorkizuneko 4. eta 5. lineei zerbitzua emateko, Arriagasen (Erandio) kotxetegi berrien eraikuntza hasiko da (3,2 milioi). Eta Berrizko Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko lanak amaitzea aurreikusten da.
Tranbien aldetik, Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko lanak Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan egingo dira, eta 21,3 milioi euroko aurrekontua izango dute Aldaiako adarreko lanekin jarraitzeko. Laster esleituko dira beste adarrekoak, Mariturrikoa, eta datorren urtearen hasieran zati komunekoak lizitatuko dira. Horretaz aparte, Bilboko tranbiak Ubide pasealekuan izango duen geltoki berrian eta tranbia Zorrotzaurrera zabaltzeko lanetan jarraituko da.
Euskal Trenbide Sareak azpiegituretan egin beharreko inbertsioari aurre egiteko zenbatekoari gehitu behar zaizkio Espainiak Gobernuak abiadura handiko sarerako eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako dituen kudeaketa-gomendioak:
- Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea. 2027an nabarmen aurreratuko dute lan horiek, I. Faseko sei zatiak martxan egongo baitira. Aurrekontuen aurreikuspena 103,9 milioi eurokoa da.
- Euskal Trenbide Sare berria. Bilborako sarbideak kudeatzeko gomendioek eta Arabako Arkauteko lotuneko lanek 5,2 eta 3,7 milioi euroko aurrekontua dute, hurrenez hurren, datorren urterako.

