Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko sozietate publikoak, Arasoko (Irun) tailerretan jaso du urte honetako azken seihilekoan pixkanaka zerbitzua eskaintzen hasiko diren bost tren-unitateetatik lehenengoa, Donostialdean Topoaren azpiegitura berria abian jarritakoan izatea espero den eskari-hazkundea artatzeko, bai hiriburuan bertan bai Altzan eta Galtzarabordan. Eremu horretan maiztasunak hobetzeko sareak eskainiko dituen aukerei erantzuten diete trenek, eta horretarako beharrezkoa da trenbide-sisteman zerbitzua eskaintzeko tren berriak izatea.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, Susana García Chuecak, eta Miguel Ángel Páezek, Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak, bertatik bertara ikusi dituzte lehen unitate horri egiten ari zaizkion lanak, zerbitzuan hasi aurretik. Topaketan izan da Euskotreneko zuzendari orokorra ere, Javier Seoane, eta CAFeko ordezkariak ere bai, besteak beste, Javier Iriarte ibilgailuen zuzendari nagusia. Euskotrenek 2023an enkargatu zizkion Beasaingo enpresari bost unitate elektriko anizkoitz (EMU, ingelesezko siglengatik), guztira 53,6 milioi euroren truke. Tren horietan lehenengoa –lau bagoi eta 400 lagunentzako tokia eta komuna dituena– entregatu du CAFek eta Euskotreneko instalazioetan da, datozen hilabeteetan baliozkotzeko probak egin, puntuan jartzeko lanak egin eta binilatzeko. Lehenengo tren hori Topoa hedatzearen ondorioz zerbitzuan espero den hazkundeari erantzuteko da, Donostia erditik eta hiru geltoki berrietatik igaroko baita orain, eta Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbide berrian ere ibiliko da.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak azaldu duenez, unitate berriak “bidaiarien irisgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna areagotzeko egindako ahaleginaren adierazle dira. Gainera, 400 plaza izango dituztenez Topoaren zerbitzua eman ahal izango du aurten Gipuzkoak trenbideen arloan izango duen iraultzan, bi azpiegitura berri hauek abian jarrita; izan ere, hiriburuko hiru geltoki berriek zazpi milioi bidaia egingo dituzte urtean 2030erako".
CAFek gainerako unitateak 2026ko bigarren seihilekoan ematea espero du, eta ondorioz Euskotrenek –67 treneko flota izango du orduan– hazten ari den eskariari erantzuteko gaitasun handiagoa izango du, ohiko tren-eskaintzan nahiz kultura-, kirol- edo jai-arloko ekitaldien ondorioz izaten diren zirkulazio berezietan. Premia berri horiek Donostialdeako Topoa izango dute ardatz hasiera batean; dagoeneko beste lau unitate egin eta entregatu dira eta gaur egun abian dira garraiobide. Etorkizunean Bilboko Metroaren 5. lineari ere lagunduko diote zerbitzua eskaintzen; Euskal Trenbide Sarearen (ETS) zuzendaritzapean ari dira linea berri hori egiten eta Euskotren izango da linea horretako operadorea (3. lineakoa ere bada). ETS ere Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko erakunde publikoa da.
Irisgarritasun unibertsala xede
Euskotrenen trenbide- eta metro-zerbitzuko material mugikorra modernizatzeko prozesua 2011n hasi zen, 900 serieko EMUak abian jarrita eta ondorengo urteetan 950 serieko eta 940 serieko EMUak sartu dira. Gaur egungo eta etorkizuneko Euskotrenen flotak homogeneoa dirudien arren kanpotik eta barrutik, trenen serie bakoitzak hobekuntzak txertatu ditu prestazio teknologikoetan eta segurtasunaren alorrean.
980 serieko unitateak trenen sektoreko berrikuntzarik aurreratuenak dituzte teknologian, fidagarritasunean, segurtasunean eta ergonomian. ‘Euskotrenen Irisgarritasuna Hobetzeko 2024-2030 Plan Estrategikoa’ egin zuen Euskotrenek eta plan horren esparruan tren hauek egitea aurrerapen bat gehiago da bermatzeko pertsona guztiek garraio publiko egokitu eta inklusiboa erabiltzeko aukera-berdintasuna dutela.
Unitateek ate irisgarriak dituzte mugikortasun murriztua duten pertsonentzako, soinu-jakinarazpenak itsuentzako eta argiak darabiltzaten ikurrak, entzuteko zailtasunak dituztenentzako; era berean, kolektiboentzako gordetako espazioak ere badituzte. Egokitutako komun bat ere bada proiektuan eta lurzoru pododaktila jarriko da, gutxi ikusten dutenak hobeto orientatzeko unitateen barruan. Ikurren, errotulazioaren eta binilatuaren konfigurazioa dela eta, pertsona guztiak errazago sartuko dira trenean eta segurtasun handiagoko bidaiak izango dira.
Unitate berri horiek ERTMS (European Rail Traffic Management System) sistema berria dute; egungo sistema –Euroloop– baino aurreratuagoa da teknologikoki, eta automatikoki gainbegiratzen du trena nola gidatzen den eta makinistei tarte bakoitzeko abiadura-muga egokiak adierazten dizkie, baita trenaren gehieneko mugak finkatu ere. ERTMS sistemari esker abiadura-tarte horiek erraz egokitu daitezke trenbideko aldaketetara, aginte-postutik. Gaur egun sistema hori instalatzen ari dira Gipuzkoako ETSren sarean eta gero Bizkaira zabalduko dute; dagoeneko gauetan probak egiten ari dira Hendaia eta Irun arteko trenbidean, pixkanaka trenbide-zerbitzuan txertatzeko datozen hilabeteetan.

