Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Irunen Topoa Adifen trenbidera hurbiltzean trenbideko lubakia murriztuko duen informazio-azterlana lizitatu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-batzordeak Irungo Bentak-Ficoba tarteko Informazio Azterlanaren idazketaren lizitazioa onartu du. Azterlan horretan, mugako herritik igarotzean Topoa Adifeko trenbideko zabalgunera nola hurbilduko den definituko da. 

Lan horiek 2024ko abenduaren 2an sinatutako “Topoaren trenbideak trenbide-sare orokorraren egungo zabalgunean integratzeko Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren, trenbide-azpiegituren administratzailearen (Adif) eta Irungo Udalaren arteko jarduera-protokolo orokorra” izenekoan lortutako akordioen esparruan egingo dira. 

Protokolo horretan, ETSren Irungo trazadura berriaren lanak, geltoki berriaren proiektua, hiriko pasabidea eta linea guztiak trenbide-espazio berean integratzeko beharrezkoak diren lankidetzak arautzen dira. 

750.000 euroko oinarrizko aurrekontua eta 24 hilabeteko epea dituen Informazio Azterlanaren idazketa, Topoa Irundik igarotzean trenbide-diseinurako soluzio berria garatzeko premiaren aurrean sortu da. Azterlanak Topoaren hiri-integrazioa eta Renfe-ADIFen gainerako trenbide-azpiegiturekin duen lotura definituko ditu. Aztertzen ari garen aldaketekin, helburua egungo trenbide-arrakala murriztea eta lurzoruak libre uztea da, herritarrek erabil ditzaten. 

Jarduketa horrek, halaber, tarte osoa bikoiztea eta planifikatutako beste jarduketa batzuetan integratzea aurreikusten du, bidaia-maiztasunak eta -denborak hobetzeko. Horien artean, gaur egun Lugaritz eta Easo artean eta Altza eta Galtzaraborda artean egiten ari diren trenbide-saihesbideak daude. 

Era berean, Bentetako eta Belaskoeneako geltokien eraberritzea, Irun Colonen kokapenaren aldaketa (oraingoa trenbideen trazadura berritik kanpo geratuko baita), Adifeko geralekuaren ondoan abiadura handirako, geraleku berriaren eraikuntza eta, Ficobaren kasuan, egungo geltokiari bigarren nasa bat eranstearen bideragarritasuna aztertuko dira.