Joan edukira
euskadi.eus

Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Errenteriako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua esleitu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Errenteriako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa esleitu du, 348.500 eurotan eta 10 hilabeteko egikaritze-epearekin. Plana udalerriko segurtasuna hobetzeko premiatik dator, etorkizunean trenen maiztasunak handitzea aurreikusten baita. 

Errenteriako geltokia herriaren erdigunean dago, Pablo Iglesias etorbidearen eta Gaztaño auzoaren artean. Gaur egun, bi eremu horien arteko lotura ibilgailuentzako eta oinezkoentzako trenbide-pasagune baten bidez egiten da. Automobilek Pablo Iglesias etorbidea erabiltzeko aukera ere badute, terminalaren irteeran dagoen tunela igarota trenbidearen gainetik gurutzatzen baitu. 

Azken urteotan, Susana García Chuecak zuzentzen duen sailak Donostia-Hendaia trenbidea pixkanaka bikoizteko proiektua bultzatu du. Plan hori ondoz ondoko tarteetan gauzatu da, linearen ahalmen operatiboa handitzeko eta, ondorioz, Donostialdeko eremu metropolitarreko trenbide-eskaintza hobetzeko. 

Errenteriako trenbide-pasagunea kentzeko beharrezkoa izango da beste pasagune garai bat eraikitzea, oinezkoentzako trafikoaren jarraitutasuna bermatzeko eta herriaren bi aldeak ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean lotzeko. Era berean, jarduketa horrek geltokiko instalazioak modernizatzea ekarriko du, irisgarritasuna hobetzeko eta ahalmen handiagoa emateko, erabiltzaileen kopurua nabarmen handituko dela aurreikusten baita. 

Aurreikusitako esku-hartzeen artean, nasen birkonfigurazioa, igogailuen eta eskaileren instalazioa eta sarrerako ataria eta gela teknikoak egokitzea aurreikusten da. 

Testuinguru horretan, eta Errenterian baita ere, Mugikortasun Jasangarriaren sailak lizitaziora atera zuen joan den martxoan Galtzaraborda auzoko trenbideak estaltzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa. Azterlan horretan, hiri-integrazioari ekitea ahalbidetuko duen estaldura mota definituko da, bai eta obrek sortutako trenbide-lubakiaren egokitzapena ere, gaur egun egiten ari diren Altza-Galtzaraborda tarteko tunelaren irteeratik auzoaren izena daraman geltokiraino. Neurri horrek trenak inguruan duen inpaktu bisuala eta akustikoa murrizten lagunduko du. Halaber, Alaberga auzoaren eta Galtzarabordaren beheko aldearen arteko iragazkortasuna erraztuko du.