Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Topoaren obrek eragindako Donostiako Easo eta San Bartolome kaleak urbanizatzeko lanak lizitatu ditu

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, lizitaziora atera ditu Topoaren trenbide-saihesbidearen obren eragina jasango duten Donostiako Easo eta San Bartolome kaleak eta Xabier Zubiri plaza urbanizatzeko lanak. Lizitazioaren guztizko zenbatekoa 1,8 milioi eurokoa da, eta bi lotetan banatzen da. Lehenengoa, 1,1 milioi eurokoa eta 10 hilabeteko egikaritze-epea duena, Easo eta Xabier Zubirikoa da; 728.000 euroko aurrekontua eta 4 hilabeteko egikaritze-epea dituen bigarrena, San Bartolomekoa.

Bi jarduketetan egingo den espazioaren berrantolaketak, espaloiak handituz, autobus-errei berriak sortuz eta atsedenguneak sortuz eta landaretza jarriz, oinezkoentzako guneak lehenetsiko dituen eta ibilgailu pribatuentzako espazioa murriztuko duen ingurune irisgarriagoan, seguruagoan eta jasangarriagoan inbertitzea ekarriko du. 

Lehenbiziko lotearen jarduketa-eremua Xabier Zubiri plazan eta Easo kalean dago, Donostia hiriguneko erdialdean. Urbanizatu beharreko plazako espazio publikoak triangelu-forma du, eta Easoko tartea, berriz, San Martinetik Askatasun Etorbideraino luzatuko da. Eremu horrek saltoki eta ostalaritzako establezimendu ugari ditu, eta horiek eragin handia jasan dute ia obren hasieratik, Erdialde-Kontxa geltokira sartzeko kanoia eta igogailua inguruetan baitaude.

Une oro Donostiako Udalarekin lankidetzan landu den urbanizazio-proiektuaren helburua espazio publikoaren berrantolaketa definitzea da, hiri-ingurunea hobetzeko eta herritarrentzat erakargarria eta erabilgarria izango den espazio berria sortzeko. Urbanizazio-proposamen berriaren abiapuntua Zubieta kaleko galtzadaren trazadura aldatzea da, Xabier Zubiri plazako espazio publikoa handitzeko eta Topoan sartzeko kanoia ingurunera egokitu ahal izateko. Horrela, oinezkoen fluxua indartu eta ibilgailuen zirkulazioa murriztu nahi da.

Horretarako, plazarako hiru sarbide nagusi sortuko dira, bat zebrabide baten bidez, Askatasun Etorbiderantz, beste bat hondartzarantz Zaragoza plazaren ondoan, eta azken sarbidea Easo eta San Martzial kaleetarantz. Azken horretan, asfalto inprimatua duen galtzada garai bat eratuko da, oinezkoari lehentasuna emateko galtzada horretatik igaroko diren autobus eta taxien aurrean, horrela pasabide zabal eta segurua lortzeko. Aldi berean, parterre motako berdegune txiki bat sortuko da hesi gisa Zubieta kaleko galtzadaren aldean, igarobideak mugatzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko. 

Easo kaleari dagokionez, galtzada autobus eta taxientzako errei bakarra izango da. Espaloiak zabaldu egingo dira bi aldeetan. Gune horretan atseden-guneak sortuko dira, eserleku-jardinerekin. Gainera, oinezkoen segurtasunerako, Arrasate kalearekiko bidegurutzean asfalto inprimatua duen galtzada garaia sortuko da. 

San Bartolome kalearen kokapena desberdina da, toki mugatuagoa baita. Berrurbanizatu beharreko tartea Easo eta Urbieta kaleen artean dago, 80 metro inguru da luze, eta bidearen alde banatan bi espaloi ditu. Leku horretan, ETS duela hilabete batzuetatik ari da lanean Erdialdea-Kontxa geltokiaren etorkizuneko larrialdi-aireztapenak eraikitzeko. 

Hartutako soluzioa kalearen funtzionaltasuna leheneratzeko eta hobetzeko premiara egokitzen da. Horrela, esku-hartze hori espazioaren berrantolaketa integrala egiteko eta norabide bakarreko autobus-erreia sortzeko baliatu nahi da, hiriaren hiri-garapenerako planekin bat etorriz. Hala, automobilentzako bigarren erreia eraikiko da noranzko bakarrean, zamalanetarako eremu bat egokituko da, eta espaloiak nabarmen handituko dira, oinezkoei leku gehiago emateko, atseden-guneekin eta landaretzarekin. 

Jarduketa horren helburua herritarren erosotasuna hobetzea eta giro lagunkoiagoa eta jasangarriagoa sustatzea da. 

Easo kalean, obra-faseak osatu ahala, obra-esparrua murriztuz joan da. Izan ere, igogailuaren eraikina hilabete honetan bertan jarriko da. Abuztuan amaituko da San Bartolomeko aireztapen-putzuen estaldura, eta, beraz, kale horretan ibilgailuentzat errei bat irekiko da. 

Urbanizatuko den azken gunea Zaragoza Plaza izango da. Material-pilaketak jaso eta obrako etxolak hartzen dituenez, amaierarako geratuko da. Gogora ekarri behar da Topoaren lurpeko saihesbidearen trazadura 4,2 kilometro dela luze, bi tartetan banatuta: obra zibila 2022ko ekainean amaitu zen Lugaritz-Mirakontxa tartea, eta Mirakontxa-Easo tartea. Obrak Amarako geltokiaren egungo zaku-hondoa kenduko du, Topoa hiriaren erdigunera hurbilduko du eta probintziako ekialde-mendebalde komunikazioa maiztasun hobeekin bideratuko du Euskotrenen bidez.

Sarbidea Pasaiako Portura 

Bestalde, Euskal Trenbide Sareko kontratazio batzordeak Pasaiako portura metro bateko zabaleran sartzeko Eraikuntza-proiektuaren obra esleitzeko prozesuan atzera egitea onartu du. Arrazoia izan da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak zenbait aldaketa egin dituela ETSk eta Pasaiako Portuko Agintaritzak hasieran adostutako hitzarmenean. Administrazio zentralak iradokitako aldaketek hitzarmen berria onartzea eskatzen dute, eta, horren ondorioz, euskal trenbide-administratzaileak uko egin dio egungo esleipen-prozesuari, eta hori gauzatzeko aukera hobe baten zain geratu da.