Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila mugaz gaindiko garraio publikoa sustatzeko proiektu baten buru da. Horretarako, Europako beste sei administrazio inplikatu ditu Europako Trenbide Eremu Bakarra ezartzeko lurralde eta nazio mailako politikak hobetzeko, oztopoak kentzeko eta merkatua eragile eta zerbitzu berriei irekitzeko.
Testuinguru horretan, Euskadiko (Euskotrenek eta ETSk hartzen dute parte), Esloveniako, Portugalgo, Alemaniako, Hungariako, Frantziako eta Holandako ordezkaritzek lan-bilerak egingo dituzte gaur eta bihar Bilbon eta Irunen, estrategiak bateratzeko eta esperientziak trukatzeko. Susana García Chueca buru duen sailak antolatutako programak bisitak jasoko ditu abiadura handia jasotzen Euskadiko lehena izango den Atotxako geltokira eta Euskotrenen Hendaiako terminalera, mugaz gaindiko intermodalitatearen adibide gisa.
EBk klima-neutraltasuna lortu nahi du 2050ean, Europako Itun Berdearen eta Parisko Akordioaren konpromisoekin bat etorriz. Horregatik, garraio publikoak zeregin espezifikoa du lurraldeen eta herrialdeen kohesioan: trenak dira hirigune nagusiak lotzeko helburua duen bizkarrezurra (RTE-T); hiri-autobusek eta tranbiek lotura eskaintzen dute hiri-testuinguru nagusien barruan; eta lurralde mailako trenek eta autobusek urruneko eremuetako irisgarritasuna handitzen dute.
Hiru zerbitzu-maila horiek hiru eskala osagarri modu jasangarrian betetzeko lankidetzan ari dira: lurraldeartekoa, probintziakoa eta hirikoa. Planteamendu hori erabakigarria da, automobilaren moldakortasunaren mailan egoten ahalegintzen baita. Moldakortasun horrek, askotan, erabiltzaileei edozein tokitatik, baita urrunetik ere, irtenda atzerriko edozein hiri, lurralde edo herrialdetara euren erara iristeko aukera ematen die. Gaitasun mota hori askoz zailagoa da mugaz gaindiko eskalan, politika, teknika eta kudeaketa arloetako zailtasun gehiago sortzen baitira.
Mugaz gaindiko garraio publikoaren erronka atez ateko soluzio lehiakorrak eskaintzeko beharrean oinarritzen da, premia operatiboetan, teknologian, gobernantzan, eskarian, jasangarritasunean eta abarretan oinarritutako lurralde-testuinguruetan.
Horrela, bada, proiektuak mugaz gaindiko garraioak areagotzeko politikak garatzeko erronka du; izan ere, bidaiarien trenbide-trafikoaren % 7a soilik da mugaz gaindikoa, eta 2001 eta 2019 artean % 1eko igoera egon zen herrialdeen arteko zerbitzuen guztizkoan. Bere helburuen artean daude mugaz gaindiko garraio-estrategiak toki, lurralde eta nazio mailako estrategietan txertatzea, potentziala eta beharrak isla ditzaten, eta mugaz gaindiko bidaiarien kopurua handitzea, eragile aktibo gisa, klimarekiko erresistentea, adimentsua eta intermodala den garraio berriaren garapenean.
Eskualdeko zazpi administrazioen artean abian jarritako ekimenaren bidez (1,5 milioi euroko aurrekontua dute horretarako), garraio jasangarria aukera erraza izatea lortu nahi da, prezio, ordutegi eta konexio egokiekin, eta trenen, bagoien eta lokomotorren eskuragarritasun nahikoa bermatzea, azpiegituraren modernizazioa, digitalizazioa eta elkarreragingarritasuna azkartuz.
Europa lotuagoan aurrera egiten laguntzeko, datozen lau urteetan gauzatu beharreko jardueren artean daude esperientziak trukatzeko bisitak lekuan bertan antolatzea, hedapenerako nazioarteko bilerak egitea, gaikako azterlanak egitea eta politikak hobetzea. Euskadiz gain, Eslovenia, Portugal, Alemania, Hungaria, Frantzia eta Holandako erakundeek ere hartzen dute parte proiektuan.