Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, 2.648.396 euroren truke esleitu ditu Amorebieta-Bermeo lineako Mundakako zubibidea konpontzeko eta babesteko obrak. Esleipendunak, Bycam S.A.-k, 20 hilabeteko epea du lehen urratsak datorren martxoan emango dituzten lanak egiteko.
Proiektuaren lehen fasean, zubibidea babesteari ekingo zaio. Horretarako, olatuen energiatik babestuko duen hormigoizko dike bat egitea erabaki da. Dikea mikropiloteen bidez zimendatuta diseinatu da.
Lanak amaitutakoan, zubibidea konponduko da, zimenduetan bermatutako aldamioen bidez, eta dike berriaren babesean. Horiek pilaketa-eremu gisa ere erabiliko dira. Lan hauek egingo dira: zuloak lehengoratu, hormigoizko elementuak karbonataziotik babestu, landaredia eta gainazal kaltzifikatuak kendu, junturak berritu eta babes-baranda izango duten abalasto-hormatxoak berreraiki.
Zubibidea Lamiarango kalaren gainean dago, Mundaka eta Bermeo arteko tartean, metro bateko zabaleran eta trenbide bakarreko trazadura zuzenean. 90 metroko luzera duen taula 10 baotan eta 4 metroko zabaleran dago banatuta, 15 metroko altueran dagoen labarraren gainean gurutzatuz.
Zubibidea Sukarrieta-Bermeo tarteko zati gisa eraiki zen, Amorebieta-Bermeo linearen azken fasean. Amorebieta – Gernika eta Sukarrieta arteko ibilbidea 1893an inauguratu zen arren, 1944ra arte ez ziren hasi linea Bermeoraino luzatzeko lanak. Linea 1955eko abuztuaren 16an inauguratu zen.