Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak datorren astelehenean, hilak 15, goizeko seietatik aurrera jarriko du martxan Zarautzko tren-geltoki berria. Egun gutxira, obrak egin bitartean funtzionatu duen behin-behineko terminala eraisteko lanak hasiko dira.
Zarautzko geltoki berria eraikitzeak, trenbide-instalazioak modernizatzeaz gain, trenbidearen trazadura udalerrian ahalik eta ondoen integratzea ahalbidetu du. Azpiegitura berriak nasen arteko aurreko pasabidea ezabatuko du, eta nasen eta atariaren eremuaren arteko lotura segurua eta irisgarria bermatuko du.
Bestalde, geltokiak, bidezubi eran dagoenez, hiri-iragazkortasuna erraztuko du Zarautzko hiriguneko trenbidearen iparraldeko eta hegoaldeko eremuen artean, Salberdineko hirigintza-garapenaren ondoren batez ere. Beheko igarobidea ez dago horrela pentsatuta, trenbidearen bi aldeetan lorategiak eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexioak dituen plaza jarraitua izateko baizik.
Atarira kaletik bertatik sartzen da, euri-ura sartzea saihestuko duen arrapala txiki baten bidez. Geltokiak, eskailera finkoen eta mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarriak diren igogailuen bidez gaindituko du nasetarainoko altuera. Igogailu bakoitzak zortzi pertsonentzako edukiera du.
Alboetako nasak 80 metro luze eta 5,90 metro zabal dira. Trazadura berri guztia trenbide bikoitzean dago, eta, beraz, plataforma linearen gainerakoaren bikoizketa posiblerako prest utzi da. Era berean, geltokiaren Bilboko muturrean, Donostiatik datozen trenei trenbidez aldatzea ahalbidetzen dien bretelle bat edo diagonal bikoitza egokitu da.
Horrela, aurreikuspenen arabera, Bilbo-Donostia lineak bidaiari gehiago izango ditu Donostian Topoaren trenbide-saihesbidea martxan jarri ondoren. Garraio Sailak inbertsio handia bultzatu du Elgoibar eta Donostia arteko trenbide-azpiegituretan, Gipuzkoako mendebaldeko kostaldearen eta hiriburuaren arteko lotura hobetzeko. Gauzatutako proiektuen artean daude, besteak beste, Alzolako saihesbidea, Zumaiako zubiaren eraberritzea, herri horretan bertan geltokiaren birmoldaketa eta kotxetegien eraikuntza, Meagako tunelaren finkapena eta trenbidearen berrikuntza, Zarauzko San Pelaioko geralekuaren zaharberritze osoa eta berehala zerbitzua ematen hasiko den terminal berriaren eraikuntza udalerri horretan bertan. Egin berri den Orio eta Usurbil arteko Aginagako trenbide-saihesbidearen lizitazioaren barruan, funtsean, 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikiko da trenbide bikoitzean, eta, horri esker, maiztasunak bikoiztu eta Zarautz eta Donostia 15 minuturo lotuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoak eta Zarautzko Udalak finantzatu dute proiektua, bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker. Hitzarmen horretan, lehenengoak aurrekontuaren % 66,7a jarri du, eta Udalak gainerako % 33,3a.