Mugikortasun Jasangarrirako Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, datorren larunbatean, abuztuak 10, hasiko ditu Gasteizen tranbiak eta ibilgailuek partekatutako plataformaren Independentzia eta Alava Jenerala kaleetako tartean zoladura birjartzeko eta kutxetak kentzeko lanak.
Larunbatetik aurrera eta irailaren 1era arte, biak barne, beharrezkoa izango da mozketa iraunkorra egitea tranbiarako eta ibilgailuen trafikorako lanek eragindako kaleetan (garajeetara sartu ahal izango da). Aldi horretan, Euskotrenek ohiko zerbitzua eskainiko du sare osoan, Legebiltzarra eta Angulema geralekuen arteko tartean izan ezik.
418.225,73 euroko aurrekontua (BEZ aparte), eta hiru hilabeteko egikaritze-epea dituen proiektu horren lanak hasi dira dagoeneko ikusten; izan ere, azken asteetan kutxeten garbiketa, kableen mugimenduak, katak eta hiru asteko mozketaren aurreko ezinbesteko beste lan batzuk egin dira.
Hartutako soluzioaren helburua ibilgailuak trazadura partekatutik igarotzeak sortzen duen inpaktu akustikoa murriztea da. Egungo zoladura 10 cm-ko hormigoi bituminosoak ordeztuko du eta 32 kutxeta kendu eta beste 114 berreraikiko dira. Kutxeta kopuruaren jaitsierak % 50 murriztuko ditu etorkizuneko mantentze-jarduketak.
2008an martxan jarri zenetik, Alava Jenerala eta Independentzia kaleetako plataforman esku-hartze ugari egin dira, bai kutxetak konpontzeko, bai zoladura birjartzeko. Autobusek eta zamalanetako kamioiek Ibaiondo edo Abetxuko noranzkoan tranbiak igarotzen diren tarte partekatuan etengabe igarotzeak eragin du narriadura.
Azken erreforma integrala 2016an egin zen. Ordutik, kutxetak mantentzeko eta berreraikitzeko lan ugari egin dira, baina azken jarduketa integraletik zazpi urte baino gehiago igaro ondoren, egokitzat jo da erabilera partekatua duen plataforma berriro berritzea.
Tranbiaren udako ordutegia abuztuaren 10etik aurrera
Datorren larunbatean, abuztuak 10, Euskotrenen tranbia-zerbitzuaren udako ordutegia sartuko da indarrean Gasteizen, adar bakoitzean 20 minuturo zirkulatuz.
Gainera, Legebiltzarra eta Angulema geralekuen arteko obrak direla eta, zerbitzuak tarte hauetan funtzionatuko du, bi noranzkoetan:
- Ibaiondo-Legebiltzarra.
- Angulema-Salburua.
- Abetxuko-Legebiltzarra.
- Angulema-Unibertsitatea.
Euskotrenek ordutegiak aldez aurretik kontsultatzea gomendatzen die tranbiaz joango diren pertsonei, bai APP ofizialean, bai www.euskotren.eus webguneko bilatzailean. Informazio gehiago nahi izanez gero, 944 333 333 telefono-zenbakira ere deitu dezakete.