Garraio Sailak trenbidea bikoiztu egingo du Zugaztietan Gernika eta Bilbo arteko maiztasuna bikoiztu ahal izateko

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, lizitaziora atera du Amorebieta-Bermeo linean, Zugaztietan, Muxikako udalerrian, trenbidea bikoizteko eraikuntza-proiektua. Lehiaketan parte hartu gura duten ingeniaritzek 270.000 euroko aurrekontua eta 12 hilabeteko egikaritze epea izango dute azterlana idazteko. 

Autzaganeko tunelaren irteera inguruan egingo da bikoizketa, Zugaztietako geltokiraino, 2.000 metro inguruko tartean. Esku-hartze horri esker trenak gurutzatu ahal izango dira Amorebietako geralekuaren eta Zugaztietako geltokiaren artean. Horrela, puntako orduetan Gernikatik Bilborako zerbitzuen maiztasunak bikoiztu gura dira, ordu erditik 15 minutura. 

Azterlanak, besteak beste, obrak egiten diren bitartean zerbitzuarekin jarraitzeko behar diren trenbidearen behin-behineko desbideratzeen definizioa jaso behar du. Era berean, trazaduran dauden Sitxeseko eta Presosteko (zerrategia dagoen lekuan) trenbide-pasaguneak kentzea ere aurreikusiko du proiektuak.

 Linea horretan, 70 metro inguruko luzera izango duen mantentze-lanetarako trenbide-materiala baztertzeko trenbide bat eraikitzea dago aurreikusita, bai eta materiala pilatzea ahalbidetuko duen zamalanetarako gune bat ere. Jarduketa horiek guztiak diseinatzean, ahalik eta gehien errespetatuko dira inguruko ingurumen-baldintzak eta guztia Urdaibaiko Biosfera Erreserban behar bezala integratzea.