Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Gasteizko gaueko tranbiaren bideragarritasun-azterlana lizitatu du. Lana egiteko aurrekontua 60.000 eurokoa da (BEZ aparte), eta hautatutako aholkularitza-enpresak lau hilabeteko epea izango du txosten xehatua aurkezteko.
Gaur egun, asteburuetako eta ekitaldi jakin batzuetako gaueko garraio publiko zerbitzua Gasteizko Udalak betetzen du, lagunartean Gautxori izenez ezagutzen diren Tuvisako autobusekin. Tranbiak egun jakinetan ere betetzen ditu zerbitzu horiek, autobusekin batera, aste honetan bertan Santiago egunean gertatu den bezala.
Azterlanaren helburua, erabilgarri dauden garraiobide publikoen erabilera optimizatuko duen ‘Gautxori’ zerbitzua definitzea da. Horretarako, aukeratutako aholkularitza-enpresak, lehenik eta behin, udal-autobusek Gasteizko gaueko garraio-eskaerari dagokionez gaur egun ematen duten zerbitzua aztertu beharko du, zerbitzurik jasotzen ez duen gunerik dagoen eta egungo tranbiak edo etorkizuneko luzapenek horietan zerbitzua eman dezaketen kontuan hartuta.
Aholkularitza-enpresak autobus- eta tranbia-zerbitzuaren hainbat aukera proposatu ahal izango ditu, eta horiek irizpide anitzeko azterketa jaso beharko dute, egokiena aukeratzeko. Azterlan horrek kontuan hartu beharko dituen alderdien artean, planteatutako aukera bakoitzak gaur egun Tuvisak ematen duen zerbitzuarekin alderatuta duen kostua-onura erlazioa dago, besteak beste. Era berean, alternatiba bakoitzaren ingurumen arloko inpaktuak ere hartu beharko dira kontuan. Azterlan hori zarata-igorpenean oinarrituko da, eta autobus/tranbia zerbitzu konbinatua ematen den leku bakoitzeko gaueko zarata-mailen arabera haztatu beharko da.
Azkenik, aholkularitza-enpresak, garraio publikoaren sistemarik arrazionalena eta eraginkorrena lortzeko alternatibarik egokiena proposatuko du, garapen jasangarriaren alderdi sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak erabat konbinatuta.

