Garraio Sailak 2,5 milioi euro bideratuko ditu muturreko beroagatik euskal trenbide sarean ematen diren garroteak murriztera

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, 2,5 milioi euro inguru bideratuko ditu aurten muturreko beroa dagoenean euskal trenbide sarean dilatazioagatik gertatzen diren errailen deformazioak murrizteko. Aurrekontu horren zatirik handiena garroteak jasan ditzaketen puntuetan errailak berritzeko erabiliko da. 

Tenperatura altuek eragindako trenbide deformazioak fenomeno historikoa dira, metro bateko zabalerako trenbide lineek berez dutena, euskal trenbide sarean nagusi diren bihurguneen erradio txikiak direla eta. Horien eragina ahalik eta gehien murrizteko, eta klima-aldaketaren ondorioz bero-boladak handiagoak izan daitezkeela ikusita, ETSk ugaritu egin ditu uda iristean aplikatu ohi dituen prebentzio-neurriak, eta beste neurri berritzaile batzuk inplementatu ditu, errailak zuriz margotzea eta algoritmoak erabiltzea, besteak beste. 

ETSk 2023ko udan abian jarri duen trenbideko bero-fenomenoekiko esposizioa murrizteko plana delakoan jasotzen denez, egiaztatutako prebentzio-neurririk eraginkorrena trenbidea berritzea da eta horretara bideratuko dira baliabide gehienak. Garroteak detektatu diren tarte eta bihurgune batzuek erraila higatua dute, eusteko gaitasunari dagokionez hobetu daitezkeen trenbide-plataformak dituzte, eta euskarriak ez dira egokienak. Puntu horietan trenbidea berritzeko obrak hasi dira edo hastear daude, armamentu hobetua jartzeko. Armamentuaren osagai hobetuetako bat, erraila dilatatzearen ondoriozko trenbidearen alboko mugimendua saihesten duten balastozko banketan sartzen diren takoi-trabesak dira. 

Hasi den beste jarduketetako bat tentsioen askatzea eta errailetan beste zenbait mantentze-lan egitea da. Errailak tenperatura handietarako prestatzeko ohiko esku-hartzeak batez besteko tenperatura epelerako trenbidea behar bezala lerrokatuta eta nibelatuta edukitzea dira. Behin trenbidea posizio egokian izanda, tentsioak aska daitezke. Oinarrizko bi eragiketa horiez gain, baliteke beste eragiketa batzuk ere egin behar izatea. 

Hala ere, neurri deigarriena, gehiago ikusten delako, erreiak zuriz margotzea da. Egun hauetan egiten ari da, garroteak jasan ditzaketen trenbide sareko hiru kilometroko tartean. Errailaren gainazalaren zatirik handienean (burua, arima eta patina) pintura zuri berezi baten bizpahiru geruza margotzea da prozedura, bi trenbide plataformen gainean jarritako sistema erdiautomatiko baten bidez. Pinturak, gutxienez, hiru urteko iraupena du, eta 9 - 10 ºC-ko jaitsiera eragiten du eguzkiaren eraginez errailean neurtutako tenperaturan. Jaitsiera horrek garrotea ez agertzea, edo atzeratzea edo minimizatzea ahalbidetzen du. 

Aurten metodologia berritzaile bat ere aplikatu da esperimentazio gisa. Plataforma teknologiko bat eta big data aukerak erabiliz, beste datu batzuekin batera iragarpen meteorologikoak aztertzen dituen prototipo bat garatu da, azterlanaren eremuko errailetan gilbordurak izango duen eragina aurreikusteko. Horrela, garrote posible baten arriskua, magnitudea eta beroaren eraginez trenbidea deformatuta egongo den denbora identifika litezke. 

Garapen hori meteorologiako datuak, trenbidea dagoen inguruari buruzko datuak, trenbidearen geometria teorikoari eta errealari buruzko datuak eta trenbideko osagaien datu fisikoak eta haien degradazioa konbinatuz erabiltzen da, errailaren gilbordura behatu ahal izateko. Simulazioak ez du garrotea ezabatzen, ez eta haren agerpena eta magnitudea ere; etorkizuneko egoera baten berri ematen du.

Proba-prototipo horren helburua prebentzio-neurriak ezartzea da. Horrela, denboran doituta, egoera normaltasunera itzuli arte gidaritza egokitzea (abiadura mugatuz) komenigarria den egunak eta orduak aurreikus litezke.