Garraio Saila atari berri bat eraikitzen hasiko da datorren astean Anoetako Topoaren geltokian

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak datorren astean hasiko ditu Anoetako geltokia osorik eraberritzeko lanak. Lan horien barruan sartzen dira gainazalean bigarren atari baten eraikuntza, nasen luzatzea eta Aita Donostia Plazako bideen berrantolaketa. Lanak 30 hilabetez luzatuko dira. 

Obra konplexua da, Aita Donostia Plazako ibilgailuen trafikoarekin, Reale Arenako kirol-ekitaldiekin edo bestelakoekin eta topoaren zerbitzu erregularrarekin uztartu beharko baita. Horregatik guztiagatik, koordinazio egokia eskatzen duen diseinatutako lan-plana, aldez aurretik adostu da Donostiako Udalarekin, Ertzaintzarekin eta Euskotren operadorearekin. 

Estadioaren aurrean oinezkoen azalera zaintzea izan da eskariaren barruan zegoen kezketako bat. Horregatik, sarbide berriak oinplanoan duen okupazioa konpentsatzeko, ibilgailuen zirkulazioari lekua kenduko zaio, Urumeako saihesbidea martxan jartzeak eremu horretan eragin duen murrizketaz baliatuta. Ondorioz, lanak Aita Donostiako biribilgunea inguratzen duen bide-sarea guztiz eraberrituz hasiko dira, erreiak murriztuz, bidegorria berrantolatuz eta oinezkoentzako espazioa irabaziz. Garraio publikoa sustatzeko neurri gehigarri gisa, 17. eta 28. lineen geralekua lekuz aldatuko da, Ospitaleak-Miramongo igoeran tren-bus intermoduari mesede eginez. Horregatik, obretako lehenbiziko seinaleak trafikoaren desbideratzeak horiz margotzea izango dira. 

Bideen berrantolaketaren ondoren, eragindako zerbitzuen, hau da lurpean egon daitezkeen elektrizitate-, telefono- edo ur-horniduren hodien, desbideraketa etorriko da, nasetarako sarbide berriko pantailak (hormak) egin aurretik. Estaltze-lauza eraiki ondoren, tunel zaharreko pantailak gauean eraitsiko dira, trenbideko zirkulazioa ez eteteko. Espazioa erabat gaitu eta gero, nasetara sartzeko eskailera eta kristalezko edikulua eraikitzen hasi ahal izango da. 

Lanak amaitu eta sarbide berria martxan jarri ondoren, obra-eremua Anoetako geltokirako sarrera zaharrera lekualdatuko da, eta geltoki hori eraitsi egingo da. Horren ordez, atari berriaren antzeko egitura bat instalatuko da, inguruari koherentzia arkitektonikoa emateko. 

Aldi berean, nasa-eremua luzatzeaz gain, tonu argiagoez jantziko da, eta argiztapena hobetuko da, segurtasun- eta garbitasun-sentsazio handiagoa transmititzeko. 

Gaur egungo ataria laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran eraiki zen, estadioarekin batera, eta gaur egun ez da nahikoa eskariari erantzuteko, ekitaldi handiak dauden jardunaldietan batez ere. Hori dela eta, igogailuak izango dituen sarbide berri bat eraikiko da Hendaiarako aldean, egungo ataria osorik berrituko da, instalazioak eguneratuko dira, argiztapena teknologia eraginkorragoetara egokituz, nasetako estaldurak eta altzariak berrituko dira, baita geltokiaren kanpoko ingurunea ere.