Garraio Sailak udazkenean ekingo die Zaldibarko geltokia eraberritzeko eta trenbide pasagunea kentzeko lanei

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Zaldibarko geltokia eraberritzeko eta trenbide pasagunea kentzeko lanei ekingo die datorren udazkenean. Trenbide kudeatzailearen kontratazio-mahaiak argi berdea eman dio gaur 1,5 milioi euroko aurrekontua eta 12 hilabeteko egikaritze-epea duten obren lizitazioari. 

Trenbide pasagunea kentzea, Bilbo kalea Zalduaran kalearekin lotuko duen eta eskailera finkoak eta igogailuak izango dituen N-634 errepidearen gaineko pasabidea eraikiz konponduko da. Zaldua Etxebarriako trenbide pasagunea Euskotrenek ustiatzen duen Bilbo-Donostia lineako Zaldibarko geltokitik gertu dago. Oinezkoentzako trenbide pasagune partikularra da, automatizatua eta hesirik gabea, eta Zalduaran kaleko etxebizitzetarako sarbidea ematen du. 

Igogailuen eraikuntza kultur etxearen inguruan eta geltokiaren inguruan zimendu-putzu azpi-bertikal bi hondeatuta gauzatuko da. Oinezkoentzako igarobidea 30 metro inguru izango da luze, eta martxan jartzearekin batera, herrigunea Zalduaran auzoarekin eta N-634 errepidearen beste aldean dagoen tren geltokiarekin lotzea lortuko da. 

Geltokiari dagokionez, nasak erabat eraberrituko dira, argiztapen berria instalatuko da eta markesina berri bat instalatuko da. Markesina 18 metro luze izango da, eta 3,5 metroko hegala izango du. Geltokitik oso gertu dagoen partzela bat aparkaleku gisa egokituko da. 

Proiektu honetan sartutako jarduketa guztiak Euskadiko trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko Liburu Zurian jasota daude. Liburu horren helburua, erabiltzaile guztiek, euren adin-, genero- edo gaitasun-baldintzak edozein direla ere, espazioak eta zerbitzuak modu seguruan eta erosoan erabil ditzaten soluzioak ematea da.