Garraio Sailak 525.000 euro bideratuko ditu Elgoibarko geltokia eraberritzera

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, argi berdea eman dio Elgoibarko geltokiko nasak eta markesina nagusia eraberritzeko proiektuaren lizitazioari. Proiektuaren barruan, argiztapena hobetzea ere sartzen da. 

Jarduketak 525.000 euroko oinarrizko aurrekontua eta lau hilabeteko egikaritze-epea ditu, eta Euskadiko trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko Liburu Zurian jasotako irizpideak biltzen ditu. Gida horren helburua trenbidearen erabiltzaile guztientzat soluzioak eskaintzea da, beren adin-, genero- edo gaitasun-baldintzak batzuk edo besteak izanda ere, espazioak eta zerbitzuak modu seguruan eta erosoan erabil ditzaten. 

Elgoibarko geltokiko nasak eta erdiko markesina egokitzeko jardueren arrazoi nagusiak hauek dira: batetik, gaur egun nasan Euskotrenen 950/900 unitateen plataformarekiko dauden kota-diferentziak, eta, bestetik, materiala zahartzearen eta hondatzearen ondorioz markesinan dauden filtrazioak. 

Plegu honetan lizitatzen diren nasetako lanen artean hauek daude: eraispenak, zimenduak, igeltserotza eta zoladura, markesina eta bizi-lerroa instalatzea, altzairu herdoilgaitzezko altzariak eta burdineria hornitzea eta jartzea, urak biltzeko saneamendua, banden margotzea, gelditze-lerroak eta metalezko elementuak, LED argiteria instalatzea eta, azkenik, obra-amaierako garbiketa eta kutxeten egokitzapena. Obra fase bakarrean gauzatuko da, modu jarraituan, amaitu arte. 

Era berean, bidaiarien sarbidea ez da inoiz etengo, ezta trenbideko ohiko trafikoa ere; beraz, jarraibide horiekin bateraezinak diren lanak gauez egingo dira.