ETSk Donostiako Topoko trenbide saihesbidearen 2. faseko obrak hasi ditu

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sareak aste honetan sinatu du zuinketaren akta, Altuna y Uria, Iza eta Acciona enpresek osatutako Topoko Mirakontxa-Easo tarteko 2. fasearen esleipendun den ABEEarekin. Horrela, obrei era formalean berrekingo zaie, atzemandako arazo geologikoengatik aurreko kontratua bertan behera geratu ondoren. De facto, geratzen diren 400 metroen hondeaketa lanak datozen asteetan hasiko dira. Aldi horretan hainbat lan egingo dira, hala nola beharrezko makineria prestatzea, ekipo berriak iristea eta erreleboa egiteko ezinbesteko logistika. 

Ildo horretan, aurreko kontrata tunelean egin beharreko mantentze-lanez arduratu da orain arte, eta, aldi berean, lurrazaleko lanekin jarraitu du, herritarrek jasan beharreko eragina ahalik eta gehien murrizteko. Horrela, Udalarekin behin betiko urbanizazioa erabakitzen den bitartean, Easo kalea zirkulaziorako irekitzea lortu da eta San Martin kalean bidegorri bat eraiki da. 

Topoko saihesbidearen Lugaritz-Mirakontxa tarteko datuek, bestalde, lanak aurreratuta daudela erakusten dute. Guztira 3.073 metroko luzera duten hondeaketa lanak erabat amaituta daude. Horietatik, 2.000 metro lineako tunelekoak dira, 95 metro geltokiko haitzulokoak, eta gainerakoa obretara sartzeko galerietakoak eta Bentaberriko geltokira sartzeko haitzulokoak. Gainazaletik sartzeko bi ahoetan mugatutako espazioa murriztu egingo da uztailetik aurrera, eta uda amaieran eskailera mekanikoak eta gurpil gaineko korridoreak instalatuko dira, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan kanpoko urbanizazioa osatzeko eta, horrela, bizilagunei eragindako kalteak amaitutzat emateko.