ETSk irailean hasiko ditu Atotxako geltoki berria eraiki aurreko eraikinen ikuskapen teknikoak

Argitalpen-data: 

Lanen gunearen ikuspegi orokorra

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak iraileko bigarren hamabostaldian hasiko ditu eraikinak eta etxebizitzak aurretiaz aztertzeko lanak, Abiadura Handiko Atotxako geltoki berria eraikitzeko lanen barruan. Geltokia eraikitzeko lanak uztailean hasi ziren.

Datozen egunetan hasiko dira fatxadak ikuskatzeko lanak, eta baita obra gunetik gertuen dauden komunitateetako finka administratzaileekin izan beharreko harremanak ere. Gaurtik, asteazkenetik aurrera, informazio oharrak ari dira jartzen ikuskatu beharreko eraikinetan bizi diren pertsonentzat. Aurreikusten denez, guztira mila etxebizitza inguru ikuskatuko dira Atotxako geltokiaren inguruan.

Datozen asteetan, banakako hitzordu egutegia itxiko da jabe bakoitzarekin. Hiru hilabetez luzatuko diren lan horiek UTE Inspección Edificios Atotxa ABEEko teknikariek egingo dituzte, eta behar bezala akreditaturik egongo dira.

Lan horiez arduratuko den enpresa-elkarteak, obra inguruan dauden eraikinen egungo egoera ebaluatzeko aukera emango digun txosten teknikoa egingo du. Lehenbiziko fasean fatxada guztiak ikuskatuko dira, eta ondoren etxebizitza bakoitzaren eta elementu komunen egoera aztertuko da.

Obrek 80,4 milioi euroko aurrekontua (BEZ barne) eta 42 hilabeteko egikaritze epea dute, eta tren zerbitzuarekin une oro jarraitzea bermatzen dute.