Garraio sailak Bermeoko tren geltokia eraberrituko du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko kontratazio-mahaiak, Zamakoa S.A.-ri esleitu dizkio Amorebieta-Bermeo adarreko Bermeoko tren geltokia eraberritzeko lanak. Kostaldeko udalerriko terminala Santamañe kaleari dagokion espaloiaren mailan dago, eta ez dago isolamendurik lursailaren eta geltokiko paramentuen artean. Egoera hori dela eta, hezetasun-iragazketak ohikoak dira. Lanek, 110.738 euroko aurrekontua dute, eta irailean hasi eta bi hilabetez luzatuko dira.

Geltoki horretan egin behar diren lanek hau egitea eskatzen dute: espaloia altxatzea komunen inguruaren eta terminaleko atariaren gainetik, hormigoizko egituraren saneamendua, iragazgaiztea, akaberetako elementuak jartzea, horien artean espaloia birjartzeari dagozkionak, leiho-ertzak, euri-uren erretenak, eta zorrotenak, besteak beste, eta altzairu herdoilgaitzezko baranda bat instalatzea babeserako hesi gisa.

Santamañe kaleko farolen zimenduekin kontaktuan dauden paramentu bertikalak eraistea ere aurreikusten da, zimendu horiei behar bezala eusten zaiela bermatuko duen errefortzu bat instalatzeko eta paramentu bertikalak birjartzeko, horien artean kamera bat eta kontaktu bidezko iragazketak saihestuko dituzten zimenduak sortuz. Lanak egin aurretik, sarbide eta nasa inguruaren babesa egingo da, pertsonak eta elementuak babesteko.

Lanek ezin izango dute erabiltzaileentzako sarbiderik eten, ezta trenbideko trafikoaren ohiko garapenik ere. Bidaiarien joan-etorriarekin bateraezinak diren zereginak gauez egin beharko dira.