Garraio Sailak argi berdea eman dio Topoaren Herrera-Irun tartean merkantzien trenbide saihesbidea egiteko proiektuari

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bidez, argi berdea eman dio Topoaren Herrera eta Irun arteko tartean metro bateko zabalera duen trenbide saihesbide baten alternatiba azterlana idazteko lizitazioari. 

Azterlanak 120.000 euroko oinarrizko aurrekontua eta 9 hilabeteko egikaritze-epea ditu, eta Herrera eta Irun arteko trazadura onena definituko du, merkantzia trenen zirkulazioa erosotasun eta segurtasun baldintza egokietan ahalbidetzeko parametro geometriko nahikoekin. 

Euskotrenek tren bidezko merkantzien garraioaren igoerari buruz esku artean dituen aurreikuspenek etorkizun hurbilean zirkulazioak areagotu egin daitezkeela erakusten dute. Pertsonak eta merkantziak garraiatzeko partekatu egiten den egungo azpiegiturak, biztanle asko dituzten eta kasu askotan trazaduratik oso hurbil dauden eraikuntzak dituzten guneak zeharkatzen ditu. 

Horrek egungo trazaduraren ezaugarriak hobetu egin behar direla erakusten du, trenbide bikoizketen edo saihesbideen bitartez, lehendik dauden lineek trafiko-bolumenaren igoera hori xurgatu ahal izan dezaten eta, horrela, igarotzen diren udalerrietan inpaktu txikiagoa sortzen lagundu dezaten. Gainera, planteamendu hori EAEko Trenbide Sarearen Lurraldeko Sektore Planaren filosofiarekin bat etorri behar da, hau da, trenbideko merkantzien trafikoa sustatzea. 

Donostia-Hendaia lineari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azken urteotan egin duen jarduketetako bat linea pixkanaka bikoiztea izan da, Donostiatik hasita, eta tarteka aurrera eginez, bere eremu metropolitarreko edukiera eta, ondorioz, trenbide eskaintza, handitu ahal izateko. Zehazki, 2010etik, ia 12 kilometro bikoiztu dira Orion eta Hendaian, eta horiei beste 6 kilometro gehitu beharko zaizkie orain egiten ari diren Donostiako saihesbidearen obrak amaitzen direnean, eta baita datozen hilabeteetan hasiko diren Altza-Galtzaraborda saihesbidearenak ere. 

Azkenean hautatutako soluzioa bateragarria izan beharko da jarduketa eremuan egiten ari diren jarduketa guztiekin. Azterlanaren jatorria Donostiako udalerrian hasten da, ETSren lineako Herrerako geltokian. Trazaduraren azken puntua, hala ere, irekita dago azterlanaren alternatiben garapenaren arabera, eta Araso inguruan dagoen Irungo sarrera erreferentzia egokitzat jo daiteke. 

Azterlanak, besteak beste, alderdi hauek aztertu, definitu eta garatu beharko ditu: 

- Herrera-Irun tartean trazaduraren saihesbideak eta alternatibak zehaztea, eta baita fase independenteetan egikaritzeko aukera ere.

- Garraio-azpiegitura berriaren funtzionaltasuna eta ustiapen-azterketa. - Egungo Donostia-Hendaia linearekiko (ETS) eta tarte horretan aurreikusitako konponbideekiko trenbide loturaren azterketa.

- ADIFen Madril-Irun trenbidearen gaineko eraginaren azterketa, eta baita tartean garatzen ari diren beste azpiegitura-proiektu batzuen gainekoa ere.

- Korridorearen Esparru geologikoaren, geoteknikoaren eta hidrogeologikoaren azterketa.

- Zeharkatutako hiriguneetako hiri-txertatzearen azterketa.

- Alternatibek ingurumenean duten eraginaren azterketa.

- Eraikuntza-prozeduraren, obra-faseen eta ustiategiaren gaineko eraginen definizioa.

- Eragindako zerbitzuen hautematea eta horien berrezarpena aurredefinitzea.

 

Azken batean, alternatiben azterlanak azpiegitura berria ingurunean aurreikusitako hiri-, trenbide- eta garraio-jarduketekin integratzea eta lotzea jaso beharko du. 

Jarduketa osoa definitzeaz gain, fasetan edo obra partzialetan banatzea aztertuko da, jarduketa osoaren etorkizuneko garapena hipotekatu gabe zati batean egikaritzea ahalbidetzeko.