Garraio sailak Amorebietan dagoen Bernabeitiko trenbide pasagunea kenduko du

Argitalpen-data: 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, argi berdea eman dio Bilbo-Donostia lineako Bernabeitiko trenbide pasagunea kentzeari, Bizkaiko Amorebieta herritik igarotzean. Erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak, bere azken bileran, proiektu horren lizitazioa hastea onartu zuen. Proiektuaren oinarrizko aurrekontua 2,1 milioi eurokoa da, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa.

Jarduketa horrek eta Eubako trenbide pasagunea kentzeak –urte amaiera baino lehen hasiko dira obrak– eta Bermeoko adarreko geralekuaren eraberritze integralak Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak Amorebietarekin duen konpromisoa islatzen dute, segurtasuna eta trenbide zerbitzua hobetuz, 7 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.

Bernabeitiko eta Eubako trenbide pasaguneak kentzea ETSk Bizkaia eta Gipuzkoan duen sareko puntu kritiko horiek ezabatzeko aurrera daraman politikaren barruan dago. Gaur egun, Euskal Trenbide Sareak 108 trenbide pasagune ditu, 71 Bizkaian eta 37 Gipuzkoan. 2010-2021 aldian 51 trenbide pasagune kendu dira, horietatik 16 Gipuzkoan eta 35 Bizkaian. Azken hamar urteotan, Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioi euro inguru inbertitu ditu bere eskumeneko trenbide azpiegiturak hobetzen.

Ezaugarri teknikoak

Proiektuaren arabera, trenbide gaineko pasabide bat eraikiko da, Bilbo-Donostia lineako 27,042 kilometro-puntuan, egungo trenbide pasagunea kentzea ahalbidetzeko. Obraren trazadura 424 metro luze da, ferra formako oinplanoa du eta zubi batek eta lubetan dauden bi arrapalek osatzen dute.

Arrapalek % 6ko malda izango dute. Trazaduraren hasieratik zubiaren hasierara arteko desnibela 7,86 metrokoa da Ibaizabal eta N634 errepidetik gertuen dagoen eremuan, eta 6,81 metrokoa hegoaldean.

Landa-eremua denez, bertatik zirkulatzeko abiadura 30 km/h-ra mugatzea aurreikusten da. Zeharkako sekzioak 9,45 metroko zabalera du, 6 metroko galtzadari, ertzetako batean 2 metroko espaloiari eta euste-sistemak jartzeko 0,625 eta 0,55 metroko bi gainzabalerei dagokiena. Bihurgunearen kanpoaldean trenbidearen gaineko euste-maila duen hormigoizko petril bat dago, eta hiri-petril metaliko bat aurreikusten da, zubian oinezkoak eta galtzada bereizteko.

Zubiak 22,5/27/22,5 metroko hiru argi-bao izango ditu. Zubiaren luzera, guztira, 73,5 metrokoa izango da. Goiko pasabidearen egiturak hiru baoko corten altzairuzko zubi bijazeno bati dagokio.

Proiektuan sartzen da landare igokariz osatutako lerrokadura bat egitea, hormaren oinarrian eta zubiaren estribuetan. Hala ere, landare hesi bat jartzea aurreikusten da, oinezkoen pasabidearen azalera galtzadatik isolatzeko, eta, aldi berean, ezpondak hidroerein egingo dira.