ETSk ONCEren oniritzia jaso du bere trenbide sarean Navilens sistema hedatzeko

Argitalpen-data: 

Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, ONCEren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Ordezkaritzaren oniritzia jaso du, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzako Navilens informazio-sistema bere trenbide sarean hedatzeko.

Euskal Trenbide Sareak eta Metro Bilbaok, ikusmen-urritasuna duten pertsonak geltokietan zehar gidatzeko mugikorreko aplikazio baten proba pilotu bat egin zuten abenduan. Soluzio hori QR motako seinaletika berri batean oinarritzen da, seinaleak urrunetik, edozein argiztapen-baldintzarekin eta irakurketa-angelurekin, irakurtzeko aukera ematen duen eta kamera eta Interneterako konexioa dituen gailu mugikor baten bidez.

ONCEk bere txostenean adierazi duenez, “teknologian oinarritzen den gidatze informazio-tresna bikaina da, teknologia gutxiago duten arren ibilbide horietan itsuen autonomiarako duten eraginkortasuna eta beharra ere frogatu duten beste bitarteko batzuekin batera erabili beharko den arren”.

Halaber, aipatu duenez, gidatze-sistema hori “seinaleztapena hautemateko beste tresna bat da, osagarria, egungo sistemei (bideratze-lineak, Braille bidezko informazioa) balio erantsia emanez eta barrualdeko joan-etorriak arintzea ahalbidetuz”.

Datozen hilabeteetan, Bizkaiko eta Gipuzkoako trenbide sareko hainbat geltokitara zabaltzeko asmoa du trenbide kudeatzaileak, eta, aldi berean, ONCErekin eta Navilensekin era estuan lan egiten jarraituko du, gidatze-sistema hobetzeko elementuak sartzeko.

Hain zuzen ere, Arartekoak, duela denbora gutxi Eusko Legebiltzarrera bidalitako 2020ko urteko txostenean eta EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasunari buruzko 2011ko ezohiko txostenaren jarraipenaren barruan, ETSk eta Metro Bilbaok Bilboko trenbide metropolitarraren Zazpikaleetako geltokian egindako proba pilotua jasotzen eta nabarmentzen du.