ETS balasto gisa balorizatutako agregakin siderurgikoaren erabilera ari da esperimentatzen bere trenbide sarean

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sarea, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren erakunde publikoa, altzairutegietatik datorren agregakin siderurgiko balorizatua ari da erabiltzen, birziklatzeko eta berrerabiltzeko, bere sarean trenbide balasto eta azpibalasto moduan. Balastoa hartxintxarrezko edo harri xehatuzko geruza bat da, non tren-trabesak asentatzen diren. 

“Birbalas” izeneko ekimen hori Sidenorrek, Elinfek, Saitecek eta Comsak osatzen duten enpresen partzuergo batek sustatu du, eta Derioko udalerritik igarotzen den ETSren trenbide sarearen tarte batean eman ditu lehen pausoak. Ekimenaren helburua trenbideko balasto- eta azpibalasto-produktuak garatzea eta balioztatzea da, arku elektrikoko labeko altzairugintzako agregakin siderurgiko balorizatutik abiatuta. Horrek, industria horretako hondakinei bigarren bizitza bat emateko aukera emango du. Izan ere, urtero 400.000 Tm sortzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan. 

Produktu hori tren sektorean erabiltzeko bideragarritasun teknikoa eta merkatukoa aztertzea da BIRBALASen helburua, produktu horren berezitasun jasangarriak eta ingurumenekoak kontuan hartuta, horiek balastoaren prebentziozko mantentze-lanen kudeaketa adimenduna bultzatuko baitute. Horrez gain, balasto tradizionala ordezkatzeko material berriak sortzea ere bilatzen da. 

Agregakin siderurgikoa arku elektrikoko labe-altzairutegietan altzairua fabrikatzeko prozesuaren azpiproduktu gisa lortzen den hondakin bat da. Prozesu horrek 2 etapa ditu: lehenengoan, lehengaiak arku elektrikoko labean urtzen dira, eta bigarren batean, berriz, koilara-labean amaitzen den bainu urtua fintzen da. 

Derioko testak hastea beste pauso bat da Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programak diruz lagundutako BIRBALAS proiektuan. Proiektu horri esker, bide berri bat ireki ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin horien soberakina kudeatzeko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ekonomia zirkularrerako sustatutako jarraibide estrategikoekin bat etorriz.