Jaurlaritzak Topoaren trenbide saihesbidea abian jartzearekin duen konpromisoa azpimarratu du Arriola Sailburuak

Argitalpen-data: 

Arriola Sailburua agerraldiaren une batean

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak gaur Donostian esan duenez, Eusko Jaurlaritzak erabaki eta konpromiso sendoa du hiriarekin eta Gipuzkoarekin Lugaritz eta Easo arteko topoaren trenbide saihesbidea amaitzeko eta martxan jartzeko.

Euskadiko trenbide azpiegituren arduradun nagusi gisa egin duen lehenbiziko ekitaldian, Eneko Goia Gipuzkoako hiriburuko alkatearekin bildu da udaletxean. Pedro Marco Garraio sailburuordearekin eta Ernesto Martinez Cabredo ETSko zuzendari nagusiarekin batera, Arriolak obraren egungo egoera eta Mirakontxa-Easo tarteko kontratua bertan behera uzteko erabakia eragin duten arrazoiak azaldu ditu.

Ondoren, Kontxako hondartzaren parean lineako tunelaren hondeaketa lanetan ekainaren hasieran izandako gertakariaren ondorioz lurra finkatzeko mortero-esne injekzioak aplikatzen ari diren eremura joan da. Puntu horretan, saihesbideko 6,9 kilometroko tunelen eta galerien %90 dagoeneko hondeaturik dagoela gogorarazi du Arriolak: “Izaera geologikoa duten arazoak, Mirakontxa-Easo azpi-tarteko bi puntutan daude, 400 metro eskaseko sektore batean, hondartzaren eta Easo plazaren inguruaren artean”.

“Normala denez, horiek konpontzeko aplikatu behar diren eraikuntzako teknikak ez zeuden jatorrizko proiektuan jasota, eta esleipenaren kostua Kontratuen Legeak baimentzen duena baino askoz gehiago handitzea ekarri dute”, gaineratu du Arriolak. Gainkostua esleituriko hasierako kontratuaren %50 baino handiagoa izan daitekeela aurreratu du. Hasierako kontratu hori 53,2 miloi eurotan adjudikatu zen.

“Garrantzitsuena segurtasuna da eta aplikatzen ari diren konponbide geoteknikoak garestiak dira. Hori dela eta, beharrezkoa da proiektu eraberritua lizitatzea, eta, aurreikuspenen arabera, hori urtea amaitu baino lehen egingo da”, azaldu du Arriola sailburuak.

Gipuzkoako hiriburuaren erdigunean hiru geltoki berri eraikitzea barne hartzen duen trenbide saihesbideko obrak erritmo onean ari dira egiten, Lugaritz-Easo tartean batez ere, eta baita Xabier Zubirin eta Loiola kalean sarbideak egiteko orduan ere: “Obrak ez daude geldirik, eta lanean jarraituko dugu obran bertan eta administrazio lanetan, ahalik eta lasterren amaitzeko, segurtasunari lehentasuna emanez, batez ere. Jaurlaritza, Udala eta herritar gehienak bat gatoz proiektu horren izaera estrategikoa aitortzeko orduan”, adierazi du.