ETSk tren hiztegia elikatzeko apustuan jarraitzen du

Argitalpen-data: 

Gasteizko tranbiaren pantografoa

ETSk Trenbide Hiztegia elikatzearen aldeko apustua berretsi du. Ekimena 2016an hasi zen, eta azken hilabeteetan Elhuyar Fundazioak berrikuntza garrantzitsuak gehitu dizkio, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin, CAFekin, Metro Bilbaorekin, Euskotrenekin eta Euskal Trenbide Sarearekin lankidetzan.

Trengintza Hiztegiaren atariak (www.trenhiztegia.eus) trenaren eta trengintzaren arloko baliabide bi biltzen ditu: aipatutako erakundeek elkarlanean osatutako Trengintza Hiztegia, batetik, eta Mario Leónek argitaratutako Diccionario del tren eta Diccionario políglota del tren hiztegien bilduma, bestetik. Kontsulta bat egitean, bi baliabide horien edukiez gain, Wikipediaren edukia ere automatikoki bistaratzen da.

Bizkaiko Garraio Partzuergoa, CAF, Metro Bilbao, Euskotren eta Euskal Trenbide Sarea erakundeek aurrera jarraitzen dute trengintzaren arloan elkarren arteko harremana eta elkarlana sustatzen. 2016an hasi zen Elhuyarrekin batera trengintza-hiztegia osatzen joateko bidaia, eta oraingoz ez du etenik. Azken hilabeteetan Elhuyarrek egindako lanei esker, kontsulta-interfazeak aukera ematen du atari honetan bildu diren bi baliabideetan batera bilatzeko. Trengintza Hiztegian, lau hizkuntzatako terminoak daude: gaztelania (es), euskara (eu), frantsesa (fr) eta ingelesa (en). Mario Leónen Diccionario del tren eta Diccionario políglota del tren hiztegietan, berriz, bederatzi hizkuntza landu dira; aurreko laurez gain, alemana (de), galegoa (ga), italiera (it), katalana (ca) eta portugesa (pt). Azkenik, bilatutako terminoa zuzenean Wikipedian bilatzen du.

 

Adibidea: pantógrafo http://trenhiztegia.eus/es/pant%C3%B3grafo