ETSk ikuspen artifizial adimentsuko begicrossing sistema instalatu du bere sareko beste 5 trenbide pasagunetan

Argitalpen-data: 

Kotxe bat harrapatuta euskal trenbide sarearen pasonibel batean

Euskal Trenbide Sareak ikuspen artifizial adimentsuko begiCROSSING sistema instalatu du bere sareko beste bost trenbide pasagunetan, trenbideak errepideko ibilgailuekin eta oinezkoekin elkarreragiten duen puntu kritiko horietan segurtasuna hobetzeko.

Neurri hori azken urteetan hartutakoei gehitu behar zaie. Sistema hori Begiralek, DOMINIONeko ikuspen artifizialeko eremuak, garatu zuen eta arrakastaz instalatu zen ETSko hesidun 17 trenbide pasagunetan. Urrian martxan egongo diren 5 ekipo berri horiekin, 22 dira dagoeneko segurtasuna optimizatzeko teknologia aurreratu hori duten ETSren trenbide pasaguneak.

Teknologia berri horri gehitzen zaizkion trenbide pasaguneak hauek dira: Loiun, Txorierriko linean, dauden Larrondo eta Formeta, Bilbo-Donostia lineako Zuhatzu (Galdakao) eta Torretxo (Berriz), eta Amorebieta-Bermeo lineako Busturia.

Une honetatik aurrera, hesia duten 5 trenbide pasagune horiek ibilgailuen eta pertsonen mugimendua gainbegiratuko duen sistema berritzailea izango dute. Sistemak abisuak eta alarmak sortuko ditu ezohiko egoerak gertatzen direnean, eta egoera horiek aginte postuan instalatuta dagoen kudeaketa sistemara eta trenbide pasagunera bertara igorriko dira. Horrela, pasabidea seinaleztatzeko sistemetan jardun ahal izango da, seinalea aldatuz eta gidariari gorabeheraren bat dagoela jakinaraziz.

Instalazioa, anomaliak eta gorabeherak hautematen dituen sistema automatiko bat abian jartzean datza, begiCROSSINGen bideo seinaleak denbora errealean aztertuta; horretarako, trenbide pasagunearen ingurunea hartzen duten zenbait kamera erabiltzen dira. Hartutako irudiak denbora errealean prozesatzen dira, eta trenbide pasagunearen edo hura zeharkatzen duen trafikoaren ohiko funtzionamendu sekuentzietan aldaketak zehazteko aukera ematen dute, aldaketaren bat antzemanez gero alarma edo gertakizun bat adieraziz.

Martxan daramatzan lau urteetan zehar, sistemak 1.300.000 tren baino gehiago gainbegiratu ditu, eta ez da tren-ibilgailu talka bakar bat ere gertatu.