ETSk amaitu ditu Zubieta 8ko biztanleak beraien etxebizitzetara itzultzea bermatzen duten azterlanak

Argitalpen-data: 

Zubieta kaleko 8an dagoen higiezineko biztanleak gaur arratsaldean itzuli dira beraien etxebizitzetara. Itzulera, joan den ostiralean eraikineko sotoaren parte bat hondoratu eta gero ETSk prestatu duen txosten teknikoa Udalak balioztatu ondoren gauzatu ahal izan da.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuordeak gertakizunaren ondorioak jasan dituzten biztanleekin gaur izandako bileraren amaieran adierazi duenez “tunelaren ur-bidea estaltzeko lanak amaitu dira, eta georadarra erabiliz ikerketa lanak egin ditugu Zubieta 8an eta gertu dauden eraikinetan”.

Aizek gehitu duenez, “eraikina hirugarren egunez jarraian aztertu da”, eta “azterketa horren eta egin diren gainerako jarduketen ondorioz, eraikinak, bertako biztanleak gaur bertan beraien etxeetara itzultzeko beharrezkoak diren segurtasun bermeak dituela egiaztatu dugu”.

Kontxa azpiko tunelaren hondeaketa lanei berriro ekiteari dagokionez, Aizek adierazi duenez, aurretik “proiektuaren azterlan geologikoa eta hidrogeologikoa osatzeko azterlanak egingo dira, lurraren morfologiari buruz eskuetan dugun informazioa zabaltzeko xedez. Azterlan horietan abiaturik erabakiko dugu tunelaren zati horretako lanei noiz eta nola berrekingo diegun”.