ETS, Topoaren lanen Mirakontxa-Easo tartearen kontratua baliogabetzea aztertzen ari da

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sarea, Topoaren saihesbideko lanen Mirakontxa-Easo zatiaren kontratua bertan behera uztea aztertzen ari da, proiektua gauzatzean sorturiko gorabehera geologikoen ondorioz aurrekontua nabarmen handitu delako.

Hondeaketa lanen fronteetako batean, lurraren etenak ustekabeko ur-jarioa eragin zuen joan den ekainean, eta horrek Kontxako pasealekuko eraikin batean deskaltzea egitera behartu zuen. Ezusteko hori gainditzeko, mortero-esne injekzioak ari dira aplikatzen, lurra sendotzeko.

Era berean, Easo inguruan sakonera handian, hondarrak agertu zirenez, joan den urtarriletik Jet Grouting izenez ezagutzen den eraikuntza sistema aplikatu behar izan da. Oso trinkoak ez diren lurzoruak tratatzeko presio altuko teknika da, lurra zementuarekin nahastuz eta ordezkatuz. Horrela, lurraren erresistentziarako gaitasuna hobetzen da.

Arazo horiek konpontzeko tratamenduak aplikatzeak, kontratazio legeak baimentzen duena baino gainkostu handiagoa dakar aurrekontuan, eta, ondorioz, ETS egungo kontratua baliogabetzeko aukera aztertzen ari da. Proiektu berria bi hilabete ingururen buruan idatziko litzateke. %95ean gaur egungo lizitazioan egongo litzateke oinarrituta, baina eraikuntzarako soluzioak barne hartuko lituzke, eta urtea amaitu aurretik aterako litzateke lizitaziorako, esleipendun berriak maiatza aldera obrei errendimendu osoz berrekin ahal izateko ideiarekin.

Denbora horretan guztian, ordea, lanak ez dira geldituko. Une honetan lanean ari den ABEEak segurtasuna bermatzeko lanak egingo ditu, eta lur gaineko lanak normaltasunez egingo dira, herritarrei kalterik ez eragiteko.

Gaur egun, 2 kilometro baino pixka bat luzeagoa den Mirakontxa-Easo zatiko obraren %40 inguru eginda dago. Easo haitzuloan estaldura lanak egiten ari dira, eta, aldi berean, Morlanseko ahoan, Autonomiako kanoian eta San Martin kalean mikropiloteak jartzen ari dira, etorkizuneko Loiola kaleko sarbiderako. Bigarren zatian ez bezala, 2.140 metroko luzera duen Lugaritz-Mirakontxa tartean, hondeaketa lanek oso errendimendu handiak eman dituzte, eta dagoeneko amaiturik dago. Bentaberriko haitzuloa estalita dago; Lugaritzen trenbidearekin lotzeko lanak ari dira egiten, eta tunelaren estaldurak eta Bentaberri plazara eta kiroldegira sartzeko kanoiak egiten ari dira.