Joan edukira
euskadi.eus

Susana García Chuecak 40 linea inguru dituen tranbia-sistema publiko baten efikazia egiaztatu du Budapesten

Argitalpen-data: 

Susana García Chuecak 40 linea inguru dituen tranbia-sistema publiko baten efikazia egiaztatu du Budapesten

Susana García Chuecak bertatik bertara egiaztatu zuen atzo Budapesten Europan nagusi den tranbia-sistemaren efikazia. Hungariako hiriburua izan zen hiri-garraiobide hau ezarri zuen lehen hirietako bat. Izan ere, gaur egun hiru minutura arteko maiztasunak ditu, 270 kilometro baino gehiago eta 40 tranbia-linea osatzen duten sare zabala. Linea horietako batzuk dira urtean Europa osoan bidaiari gehien garraiatzen dituztenak. 

Euskadi buru duen mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria sustatzeko Crosusmob proiektu europarrari buruz Budapesten egiten ari diren jardunaldien esparruan —bertan, Euskadik Euskal Trenbide Sarearen bidez bazkide nagusi gisa parte hartzen du, Europako beste bost herrialdetako entitateekin batera—, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak BKK enpresak kudeatzen duen tranbiaren kotxetegiak bisitatu zituen. Bertan, CAFek hornitutako hainbat unitate daude. 

2014an CAFek BKKrekin lehen kontratua sinatu zuenetik (kontratu horrek 37 unitate hornitzea jasotzen zuen), Budapest hiriak 36 unitate gehigarri jaso ditu, eta horiei 2022aren amaieran adjudikatutako beste 20 unitate gehituko zaizkie, ondoren 51 unitatera handituta.

 Zoru baxuko ibilgailuak dira, mugikortasun urriko pertsonak, gurpil-aulkiak eta haur-kotxeak sartzea errazten dutenak, eta 50 km/h-ko zerbitzu-abiaduran zirkulatzeko diseinatuta daude. Bost moduluko tranbiek 34 metroko luzera eta 326 bidaiarirainoko edukiera dute, eta bederatzi moduluko unitateek, berriz, 56 metroko luzera dute eta 562 bidaiari ere garraia ditzakete (munduko luzeenetakoak dira). Hain zuzen, Euskadiko tranbia luzeenek Gasteizen operatzen dute eta 44 metro dituzte.