Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chueca SNCF Frantziako tren operadorearekin eta Frantziako Provence-Alpes-Côte d’Azur eskualdeko agintariekin bildu da astearte honetan, Frantziako eremu horren eta Italiako Liguria eskualdearen arteko mugaz gaindiko mugikortasunak nola funtzionatzen duen zehatz-mehatz ezagutzeko.
Kostaldetik igarotzen den korridorea, Marseillatik Ventimigliaraino (Italia), Cannes, Niza edo Monako hirietatik igaroz, komunikazio-bide garrantzitsua da, turismoarentzat ez ezik, mugakide diren langileek egunero erabiltzen dutelako ere. Egungo funtzionamenduaz gain, Garcia Chuecak Frantzia eta Italia ardatz hori modernizatzeko eta haren gaitasuna, fidagarritasuna eta kalitatea handitzeko lantzen ari diren proiektua ezagutu du.
Lehen faseetan azpiegituren eta geltokien jarduketak egitea eta eskualdeetako eta mugaz gaindiko loturak indartzea aurreikusten da. Era berean, bi administrazioak hainbat alderditan ari dira lanean, besteak beste, zerbitzuen koordinazioan, bidaiariei zuzendutako informazioan, bidaia-txarteletan eta mugaz gaindiko joan-etorriak errazteko oztopoak ezabatzen. “XXI. mendeko Europan, mugek ezin dute izan herritarren mugikortasunerako oztopo”, ziurtatu du García Chuecak Europako kideen aurrean.
Sailburuak eskualdeko beste trenbide-korridore nagusiari buruzko azalpenak jaso ditu, barnealdeko mendialdea zeharkatzen duenari buruzkoak alegia. Korridore horren erakargarri nagusietako bat Mirarien Trena izenekoa da. Niza eta Tende arteko zerbitzu hori itsas mailatik abiatzen da eta 1.000 metrotik gorako altuerara igotzen da. «Ikusi dugu trenbideak, pertsonak konektatzeaz gain, gure herriak, paisaiak eta kultura-ondarea balioan jartzeko ere balio dezakeela», adierazi du.
Topaketa horien ondoren, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Nizatik Ventimigliara (Italia) arteko ibilbidea egin du, Monakon geldialdia eginez. Bertan, estatu txiki horrek trenbidearen arloan dituen proiektuak ezagutzeko aukera izan du. Izan ere, 1,7 kilometroko trenbide-sarea eta geltoki bakarra izan arren, urtean 9 milioi bidaiari baino gehiago jasotzen ditu trenez, nazioarteko korridore horretatik etorrita.

