Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren esku dagoen ETS erakunde publikoko kontratazio-organoak argi berdea eman dio topoaren Irungo Nazioarteko Zubia birgaitzeko obren lizitazioari. Obrek ia hiru milioi euroko aurrekontua eta 16 hilabeteko egikaritze epea izango dute.
Udazkenetik aurrera egikarituko den proiektua Euskal Trenbide Sareak Gipuzkoan eta Bizkaian kudeatzen duen trenbide-sarean etengabe egiten duen azterketaren eta analisiaren emaitza da.
Aurretiazko ikuskapen-lanetan hautemandako patologiak eta gabeziak konpontzeko, proiektuak, lehenik eta behin, P1 eta P4 pilareen zimenduak indartzea jasotzen du. Ondoren, bidezubia konpontzeko lanekin jarraituko da, zimenduetan oinarrituko diren aldamioen bidez. Gainera, aldamioak konponketetarako materiala biltzeko gune ere izango dira.
Birgaitze lanak, batez ere, hormigoizko elementuak karbonataziotik babestera, landaredia eta gainazal kaltzifikatuak kentzera, junturak berritzera eta kaltetutako harlanduak berreraikitzera eta baranda birjartzera bideratuko dira. Halaber, trenbidea berriztatu da eta taula iragazgaiztu egingo da.
Irungo Nazioarteko Zubiak Bidasoa ibaia zeharkatu eta mugako udalerria Hendaiarekin lotzen du. Topoa Gipuzkoako lurralde historikoan sartzeko atea da. 2025ean, Lasarte Oria/Donostia/Hendaia linea ia 19 milioi pertsonak aukeratutako garraiobidea izan zen.

