Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, 2,3 milioi eurotan esleitu ditu hiriko tranbiaren enbor komuna bertatik igarotzen den Gasteizko Alaba Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko lanak. Proiektuak urbanizazioaren sekzio osoaren gainazaleko akaberak birjartzea barne hartzen du, Alaba Jenerala kaleko oinezkoentzako espaloiena izan ezik.
Esku hartzea, erdiguneko merkataritza-arterian garraiobide publiko eta pribatuen arteko integrazioa hobetu ahal izateko Udalarekin lortutako akordioaren emaitza da. Ildo horretan, Udaleko Espazio Publikoaren arloaren eta ETSko teknikarien artean landutako proiektuak Alaba Jenerala eta Independentzia kaleetako zoladurarako soluzio homogeneo baten aldeko apustua egiten du, dauden akaberak bateratuz (gaur egun hiru dira, hormigoi bituminosoa, asfalto urtua eta hormigoi inprimatua), hiri-elementuak urbanizazio berrira egokituz eta drainatzea birgaituz. Era berean, bi trenbideen tarte bat berrituko da Independentzia kalearen, Alaba Jeneralaren kalearen eta Foruen kaleen arteko elkargunean, eta 20 kutxatila inguru konponduko dira.
Andre Maria Zuriaren jaiak amaitu ondoren tranbia-zerbitzua eten aurretik egin beharreko lanak uztailean egingo dira. Aldi horretan, Euskotrenek ohiko zerbitzua eskainiko du sare osoan, Legebiltzarra eta Angulema geltokien arteko tartean izan ezik. Hala eta guztiz ere, zirkulazioari eta garajeetarako sarbideari eutsiko zaie une oro, tranbia-sistemaren iragazkortasuna eta integrazioa hobetzeko Independentzia eta Bakea kaleen arteko elkargunearen eta tranbiaren Legebiltzarra geltokiaren artean dagoen hiri-ingurunean.
Aurrekontu osotik, 530.000 euro tranbia arloko hobekuntzetara bideratuko dira, eta 2,1 milioi euro, berriz, integrazioa hobetzera. Horretarako, hainbat jarduketa egingo dira zoladuran, espaloien saneamenduan, oinezkoentzako eremuetan urbanizazio-elementuak eta hiri-altzariak berrituz, eta bi eremuak bereizteko eta babesteko bolardoak modernizatuko dira, aurretiazko lanekin, hondakinen kudeaketarekin, segurtasunarekin eta osasunarekin erlazionatutako gaiez gain.

