Joan edukira
euskadi.eus

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Bilboko tranbiaren Kañuko geltokia eraikitzeko finantzaketa-hitzarmena sinatu dute

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Bilboko tranbiaren Kañuko geltokia eraikitzeko finantzaketa-hitzarmena sinatu dute

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Bilboko Udalak Bilboko tranbiaren Kañuko geltoki berria finantzatzeko akordioa sinatu dute gaur goizean. Proiektua datozen asteetan esleituko da, eta 5 milioi euro inguruko aurrekontua eta 15 hilabeteko egikaritze-epea ditu. 

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) presidenteak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Atxuri eta Abusu artean egingo den geltoki berriaren xehetasunak eman dituzte. Obrak, egitura eta arkitektura elementu guztiak izango dituen tranbiaren beste geltoki bat sortzea ekarriko du. Igogailu berri bat eta goiko aldean egongo den pasabide bat izango ditu, nasaren planta Kañu pasealekuarekin eta Miraflores etorbidearekin lotzeko. Horrez gain, itsasadarraren aldeko nasa Kañu pasealekuarekin lotuko duen bidea ere izango du, eta Zamakola kalearen eta Kañu pasealekuaren artean dagoen oinezkoentzako pasabidea estali egingo da. 

Ekitaldia, tranbiaren tailerrak eta kotxetegiak hartzen dituen Atxuriko geltokian egin da, Euskotrenen egoitza nagusian. Garcia Chuecak eta Aburtok erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu dute, kasu honetan, Abusun eta Santutxun bizi diren pertsonen garraio publikoko mugikortasuna hobetzeko. 

Santutxurekiko lotura errazteko, igogailu panoramiko bat eta Miraflores etorbidean lehorreratuko den pasabide bat eraikiko dira. Abusu auzoarekin lotura bermatzeko, igogailuak geltokia izango du Kañu pasealekuan. Gainera, mendiaren aldeko nasa eskailera argiztatu baten bidez lotuko da pasealekuarekin. Itsasadarraren aldeko nasa bide berri baten bidez lotuko da pasealekuarekin. Bilboko Udalak eskatuta, proiektuak Abusuko Ibai-Eder pasabidea ere estaliko du. 

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak aurreratu duenez, obra “uda honetan bertan egongo da martxan”, eta “hiri eta gizarte arloetako integrazioari, irisgarritasunari eta jasangarritasunari dagokienez inguruan aurrerapauso bat ematea ekarriko du”. Garraio sailaren titularrak nabarmendu duenez, tranbia arloko esku-hartzeak, garraio publikoa hobetzeaz gain, “iraultza garrantzitsua dira espazio publikoak hobetzeari eta hiria berroneratzeari dagokienez”, eta azpimarratu duenez, Kañu “horren adibide ona” da. 2025ean 3,8 milioi bidaia erregistratu dira, eta Garcia Chuecak etorkizun oparoa iragarri dio garraiobide horri, Eusko Jaurlaritzak sistema horretarako abian dituen etorkizuneko proiektuengatik, Zorrotzaurrera luzatzeari erreferentzia eginez. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azpimarratu duenez, “tranbiaren Kañuko geltoki berriak, Bilboko garraio publikoaren sarea indartzeaz gain, nabarmen hobetzen du irisgarritasuna eta oinezkoentzako lotura orain arte hiri-hesi garrantzitsuak zituen ingurunean”. Alkateak Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Trenbide Sarearekin batera egindako lana nabarmendu du, eta “mugikortasun jasangarriago, irisgarriago eta integratuagorantz aurrera egiteak akordio sendoak, epe luzerako plangintza eta erakundeen arteko lankidetzarako borondate argia eskatzen dituela” adierazi du. 

Azkenik, Aburtok azpimarratu duenez, “jarduketa hau kalitatezko garraio publikoaren, auzoen arteko kohesioaren eta Bilbo atseginago, konektatuago eta pertsonentzako pentsatuagoaren alde egiten duen hiri-estrategiaren barruan dago”

Geltoki berria, alboetan eta oinezkoentzako bi bidegurutzerekin lotuta egongo diren bi nasaren bidez egituratuko da. Bien luzera 30 metrokoa da. Itsasadarraren aldeko nasak 3,5 metroko zabalera konstantea izango du. Mendiaren aldeko nasak 4,4 eta 4,9 metro arteko zabalera aldakorra izango du, bloke teknikoa mantentzeko sarbidea errazteko. 

Nasa bakoitzean markesina bat egongo da. Markesina horrek, eserlekuen eta argien bidez eguraldi txarretik babesteaz eta erabiltzaileen erosotasun-baldintzak bermatzeaz gain, igarotzea kontrolatzeko eta txartelak erosteko behar diren elementu guztiak izango ditu (baliogabetzeko makinak eta salmentarako makina). 

Bestalde, 18 lagunentzako lekua duen igogailu panoramikoak 28,6 metroko desnibela gaindituko du hiru geltokitan zehar: behekoa nasa-kotan, bigarrena Kañu pasealekuan eta hirugarrenak Miraflores etorbidearekin lotuko du. Pasabideak 34 metroko luzera eta 3,05 metroko zabalera izango ditu. 

Hitzarmenak jasotzen duenez, ETSk kostuaren % 65 finantzatuko du, eta Bilboko Udalak gainerako % 35a hartuko du bere gain, dagoen pasabidea estaltzeko erabilitako altzairu herdoilgaitzaren kostu osoaz gain. 

ETS arduratuko da obren kontratazioaz eta egikaritzeaz, baita lanak zuzentzeaz eta teknikoki ikuskatzeaz ere. Bestalde, Udalak beharrezko lurzoruak jarriko ditu eskura, jarduketak gauzatzen lagunduko du eta, jaso ondoren, udalaren erabilera publikoko azpiegituren titulartasuna eta mantentze-lanak bere gain hartuko ditu.