Joan edukira
euskadi.eus

Donostialdeko Topo berria 2026an jarriko da zerbitzuan, ?segurtasun-sistemen belaunaldi berri batekin, berrikuntza eta digitalizazio gehiagorekin?

Argitalpen-data: 

Donostialdeko Topo berria 2026an jarriko da zerbitzuan, ?segurtasun-sistemen belaunaldi berri batekin, berrikuntza eta digitalizazio gehiagorekin?

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea bere ente publikoaren bitartez, MUBIL Mobility Expo azokan parte hartuko du gaurtik aurrera Ficoban (Irunen). Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak inaugurazio-egunean azaldu duenez, 2026an Gipuzkoako mugikortasunak “trenbide-iraultza garrantzitsua” biziko du. Izan ere, ondoren zerbitzuan jarri diren bi obra amaitu dira: Donostiako lurpeko pasabidea, eta Altza (hiriburuan) eta Galtzaraborda (Errenterian) arteko saihesbidea. 

Hain zuzen, azpiegitura horiek dira ETSk MUBILen duen standaren protagonistak. Bertan, sailburuordeak nabarmendu du biek ahalbidetzen dutela “funtsezko aldaketa” bat, hau da, zokogune gisa ezagutzen dena —trenak errebotatzen diren eta trenez aldatzera behartzen duen puntua— kentzea, bai Amarako egungo geltokian, bai Altzan. Horri esker trenbide-linea jarraitua sortuko da, eta horrek “aukera emango digu maiztasunak hobetzeko, 7 minutu eta erditik behin trenak igaro daitezen. Hori da iraultza, herritarrek ez baitute trena hartzeko erlojuari begiratu beharrik izango: geltokira hurbildu eta hurrengo trenaren zain minutu gutxi batzuk itxaron besterik ez du egin beharko. Azpiegituren arduradunak gogorarazi du hori posible egiteko beharrezkoa izan dela otsailetik aurrera Hendaia eta Pasaia arteko martxaren noranzkoa aldatzea, eta prozesu hori udazkenean osatuko dela Amararaino, Euskotrenen sare osoak alde beretik, ezkerraldetik, zirkula dezan —orain arte Topoak Frantziako mugatik Amararaino eskuinaldetik zirkulatzen zuen, Euskotrenen Gipuzkoako eta Bizkaiko gainerako trenen noranzko desberdinean—. 

MUBILen aldaketa garrantzitsu bat erakusten ari da, era berean, ETS, “trenbide estuaren arloan erreferente gisa jartzen gaituena, Donostian lurpeko pasabidea abiaraztearekin batera segurtasun-sistema berri bat jarriko dugulako abian, ERTMS, aurrekoa ordezkatuko duena eta segurtasun-sistemen belaunaldi berri bat ekarriko duena, berrikuntza eta digitalizazio gehiagorekin”, nabarmendu du sailburuordeak. Sistema hori gaur egun Irun eta Hendaia artean probatzen ari dira, gaueko ordutegian, eta, aurreratu duenenez, datozen asteetan probak Oiartzuneraino luzatuko dira. “Pertsonen begietarako urrats antzemanezinak dira, baina gure egunerokoan garrantzitsuak dira”, nabarmendu du. 

MUBILen bi egun hauetan, bakarrik edo zentro teknologikoen eta sektoreko enpresen eskutik bultzatzen ari den trenbide-berrikuntzako proiektu nagusiak erakutsiko ditu ETSk. Horien artean, geltokietako kalitate akustikoa eta nasaren eta trenaren arteko irisgarritasuna hobetzeko proiektuak nabarmentzen dira, baita klima-aldaketak sarean duen inpaktuari lotutakoak ere.  ETSk berrikuntzaren arloko 24 proiektu kudeatu ditu 2025ean, eta une honetan Europako hiru proiektutan parte hartzen ari da. Berrikuntzek detekzio automatikoko, mantentze prediktiboko eta trenbideen sektoreari aplikatutako ikuspen artifizialarekin edo big datarekin lotutako teknologien erabilerako sistemak jorratzen dituzte. 

Era berean, Gipuzkoako lurralde osoan egiten ari diren obrak azalduko dira, zehazki: geltoki berriak, hala nola Zarauzko eta Zumaiako biak, laster Usurbilen amaituko dena, Loiolako Erriberako trukagailuaren proiektua hiriburuan —Euskotrenen eta Renferen sareak geltoki berean konektatzea ahalbidetuko duena—, Errenteriako esku-hartzeak —Galtzaraborda, Errenteria erdialdea— eta Topoko trenbideak ADIFen Irungoetara hurbiltzeko azterketa —herritarrentzako lurzorua liberatzeko—.Euskal Trenbide Sarearen Gipuzkoako sareko proiektu ugarietako batzuk dira horiek, eta sare horrek baditu, era berean, ibilbideak eta denborak laburtzeko tunel berriak —Aginaga, Altzola—, baita trenbidea bitan banatzen den guneak ere, hala nola Deban.