Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak mugikortasun jasangarriaren aldeko ekimenetan parte hartzeko deia egin die herritarrei gaur, ‘Mugikortasun unibertsala’ lelopean irailaren 16tik 22ra bitartean egingo den Mugikortasunaren Europako Astea dela eta.
Sailburuak gogorarazi du Euskadin 6,5 milioi joan-etorri izaten direla egunero, hau da, zazpi urtetik gorako pertsona bakoitzeko hiru joan-etorri, batez beste. “Sei milioi erabaki baino gehiago har ditzakegu egunero klima-aldaketaren aurka eta garraio publikoaren eta mugikortasun aktiboaren alde”, aldarrikatu du EAEko garraioaren arduradun nagusiak.
García Chuecak azaldu duenez, urtarrila eta uztaila bitartean, trenak – bai Euskotrenen bidez, bai Renfen Aldirietako zerbitzuen bidez – eta tranbiak 47 milioi joan-etorri ahalbidetu dituzte guztira, eta horrek agerian uzten du garraio publiko elektrifikatu horiek hartzen ari diren garrantzia.
Sailburuak txalotu egin du herritarrek garraio-hobarien aurrean emandako erantzuna, “zifra errekorrak” erregistratzen ari baitira. “Bide onean gaude, baina beti hobetu dezakegu, eta pertsona bakoitzak gure ekarpena egin dezakegu ikastera edo lan egitera joateko nola mugitzen garen erabakiz”, esan du.
Ildo horretan, adierazi du administrazio publikoek, zehazki Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, eta bere baitan dituen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak eta Euskotren sozietate publikoak, “lanean jarraitzen dugula mugikortasunerako eskubidearen alde, horrek gizartea kohesionatzen lagun dezan, eta adina, egoera sozioekonomikoa edo baldintza fisikoak edozein izanda ere mugikortasun jasangarria eskuratzeko aukera izan dezagun”.

