Mugikortasun Jasangarriaren Sailak salgaietarako Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lehen tarteko obrak lizitatu ditu

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Bilboko portua abiadura handiko sare berriarekin lotuko duen salgaietarako Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen (HTS) lehen tarteko obren lizitazioa onartu du astelehen honetan. 

Joan den azaroan Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak "Bilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen informazio-azterlana. 1. fasea" eta Ortuellako saihesbideari buruzkoa onartu ondoren, ETSren kontratazio-batzordeak azpiegitura horren zazpi tarteetako lehenaren (luzeenaren) eraikuntza-lanak esleitzeko administrazio-izapidearen hasierari oniritzia eman dio. Tarte horrek 3,2 kilometroko luzera eta 104.703.758,26 milioi euroko oinarrizko aurrekontua du, eta Ortuellako udalerritik igarotzen da

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak azpimarratu duenez, azpiegitura berria Nerbioi ibaiaren ezkerraldean “aspalditik espero zen” proiektua da. Azaldu duenez, orain irekiko den lizitazio publikoko prozesuaren bidez, “Gobernu zentralak agindu digun obra osatzen duten 12 kilometroetako hiru baino gehiago” egikarituko dira. “Ezkerraldeko udalerrietatik eta Bilbotik igarotzen diren salgaiak zatirik handienean lurpekoa izango den trazadura berri batera eramango ditugu eta, horren bidez, herritarren bizi-kalitatea eta Bilboko portuko salgaien lehiakortasuna hobetuko ditugu”, adierazi du. 

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen 1. fasean, Serantesko tunela (dagoeneko egikarituta dagoena) eta Bilboko Olabeaga auzoan dagoen trenbide-sarea lotuko dira. Horrek Bilboko porturako sarbide berri bat ahalbidetuko du trafiko mistorako, eta, horri esker, salgaiak ez dira Nerbioi ibaiaren ezkerraldean dauden hiriguneetatik igaroko. 1. fase horrek 484,7 milioi euroko aurrekontu orokorra du. 

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektuak eta eraikuntza Gobernu zentralak, Eusko Jaurlaritzak eta ADIFek 2017an sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota daude. Hitzarmen horretan adierazten denez, Eusko Jaurlaritzak lanak egiteko aurreratuko duen kostua Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuari ordaindu beharreko kupoa murriztearen bidez konpentsatuko da. Aginduak bi fasetan banatzen du Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea. Ildo horretan, lehen faseko eraikuntza-proiektuak idazteko eta plataforma-obrak egikaritzeko eta bigarren faseko informazio-azterlana idazteko agintzen zaio Eusko Jaurlaritzari. 

Sailburuak baloratu duenez, “Euskal Trenbide Sareak duen ahalmen tekniko handiaren adibide bat da hau, baita erakundeen (kasu honetan Gobernu Zentralaren eta Eusko Jaurlaritzaren) artean salgaiak garraiatzeko trenbidea erabil dadin eta, gainera, pertsonen eguneroko bizitzan inpaktu txikiagoa eraginez erabil dadin bultzatzeko garatutako lankidetzaren adibide bat ere”. 

Lehen tartearen deskribapena 

Hasierako zatiak 38 hilabeteko egikaritze-epea du eta dagoeneko eraikita dagoen Serantesko tunelari jarraitutasuna emango dion tunel faltsu batekin proiektatu da. Puntu horretatik aurrera, zabalera misto-iberiko eta estandarreko bide bikoitzeko 736 metroko tunel batetik joango da, eta bide bikoitza bide bakarreko bi adarretan banatuko duen haitzulo batera iritsiko da. 

Lizitazio honen xede den proiektuan, puntu horretatik aurrera bide bakarreko tunel bat egikaritzea aurreikusten da. Tunel horrek 1.440 metroko luzera izango du, eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbideko (Serantes – Olabeaga) prestazio handiko ardatzarekin lotzeko haitzuloan amaituko da. Ardatz hori prestazio handiko bidaiarien trafikorako eta salgaien trafikorako diseinatuta dago, eta zabalera mistoa eta bide bikoitza izango ditu. 

Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lehen tartearen azken segmentu horrek 620 metroko luzera izango du, eta meategi moduko tunela izango da oso-osorik. Lizitatutako obran, halaber, bi larrialdi-irteera, oinezkoentzako galeria bat eta beharrezkoak diren beste instalazio batzuk eraikitzea aurreikusi da. 

Hegoaldeko Trenbide Sarearen onurak 

Konexio berriak zuzenean lotuko ditu Bilboko portua eta Europa, Atlantikoko Trenbide Korridorearen parte den Europa Barneko Sarearen bitartez. Izan ere, zabalera estandarreko (nazioarteko zabalerako) konexio bat sortuko da, eta ez da “tren-aldaketarik” egin beharko Frantziako mugan. Abian jartzen denean, egungo zabalera iberikoko sareko salgaien trafikotik libre geratuko dira Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko udalerriak. Udalerri horietan, bidaiarientzako trenek ibiltzen jarraituko dute Renferen aldiriko zerbitzuekin. Trenbide-konexio on bat (gaur egun Bilboko Portuak ez duena) lagungarria izango da sarean sortzen diren botila-lepoak desagertzeko eta Bilboko Portuaren lehiakortasuna hobetzeko.