Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Galtzarabordan (Errenteria) trenbideak estaltzeko eraikuntza-proiektua lizitatu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, lizitaziora atera du trenbidea Errenteriako Galtzaraborda eremuan integratzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa, 500.000 euroko aurrekontuarekin eta 12 hilabeteko egikaritze-epearekin. Trenbideak estaltzeak murriztu egingo du trenak eremu horretan duen inpaktu bisuala eta akustikoa. 

Azken urteotan, Susana García Chuecak zuzentzen duen sailak Donostia-Hendaia trenbidea bikoizteko proiektua bultzatu du. Plan hori ondoz ondoko tarteetan gauzatu da, linearen ahalmen operatiboa handitzeko eta, ondorioz, Donostialdeko eremu metropolitarreko trenbide-eskaintza hobetzeko. 

Herrera eta Altza arteko tartea 2016aren amaieratik dago martxan. 2021eko azaroan hasi ziren Altza-Galtzaraborda segmentuko obrak, eta amaitzen direnean tren zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzea ekarriko du. 

Horrela, lizitaziora atera den proiektuak hiri-integrazioari heltzeko estaldura mota zehaztu behar du, bai eta obrek sortutako trenbide-lubakia egokitu ere, Altza-Galtzaraborda tarteko tunelaren irteeratik auzoaren izena daraman geltokiraino. Neurri horrek inguruko inpaktu bisuala eta akustikoa murrizten lagunduko du. Halaber, Alaberga auzoaren eta Galtzarabordaren beheko aldearen arteko iragazkortasuna erraztuko du.