Joan edukira
euskadi.eus

Mugikortasun Jasangarriaren Sailak 3,2 milioi euro bideratuko ditu Erandioko kotxetegiak hartuko dituen lursailaren urbanizaziorako

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, 3,2 milioi euro bideratuko ditu Erandioko kotxetegiak etorkizunean hartuko dituen lursailaren urbanizazio lanetarako, Bilboko Trenbide Matropolitarraren 4. eta 5. lineak zerbitzuan jartzeko material mugikor gehiago beharko da-eta. 

Antonio López ETSko zuzendari nagusiak, Txaber Ouro Sprilurreko zuzendari nagusiak eta Aitziber Oliván Erandioko alkateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hitzarmen horren arabera, Sprilurrek, Eusko Jaurlaritzako Industria Lurzorua Kudeatzeko Sozietate Publikoak, 3,2 milioi euro jartzeaz gain proiektua gauzatuko du. 

ETSren kotxetegi berriek 7.000 metro karratu inguruko azalera hartuko dute, eta 20 unitate inguruko edukiera izango dute. Aukeratutako lursaila Erandioko Plaiabarri industrialdean dago, Arriagako tunelaren hegoaldeko ahoaren ondoan. Trenetarako kotxetegiak osatzeko erabilera anitzeko eraikin bat eta aparkaleku bat egongo dira trenbide-zerbitzuaren ustiapenarekin lotutako langileentzat, bai eta materiala biltzeko eremua eta mantentze-lanetarako trenbide bat ere. Izan ere, plan horren eraginpeko eremuak 21.984 metro karratuko azalera hartzen du guztira, eta horietatik 6.895 m2 unitateak gordetzeko izango dira. Nabe hori 150 metro luze, 46 metro zabal eta 12 metro altu izango da. Barrualdean hogei bat tren hartu ahal izango ditu. 

Trenbide eremua 11 trenbidek osatutako zabalgunearekin osatuko da, baita Lutxana-Lezama trenbide orokorrerako bi konexiorekin ere. Kotxetegien albo batean unitateen garbiketarako eta zerbitzurako ondoko trenbide bat egokituko da. 

Arriagako kotxetegiak eraikitzeak, 4. eta 5. lineetan zerbitzua emango duten unitateei estaldura emateaz gain, Kukullagako geltokitik gertu dauden trenbideak libre uztea ahalbidetuko du. Lehen bertatik zirkulatzen zuten Busturialdetik eta Durangaldetik Atxurirantz zihoazen trenek, eta, orain, Euskotrenen unitateak hartzen dituzte, behin-behineko gordetegi gisa. Horrela, amaiera emango zaio Boluetatik Kukullagarako tranbiarizazioari. 

Bestalde, Sprilurrek interesa du Plaiabarri-Sakoni eremuan dauden lurzoruak sustatu, kudeatu eta urbanizatzeko, Erandion indarrean dagoen hirigintza-plangintzaren arabera industria-xedea baitute, enpresa-jarduera berriak ezarri ahal izateko, erakunde publiko gisa dituen helburuak betez. 

Erandioko Udalak konpromisoa hartu du Sprilur eta ETS erakunde publikoen esku uzteko Plaiabarri D sektoreko urbanizazio-obrak eta Plaiabarri D sektoretik kanpoko sarbideak kudeatzeko eta egikaritzeko behar diren ahalmenak. Bi erakunde horiek solidarioki jardungo dute, trenbide-sistema orokorrekiko lotura bermatzeko, Arriagako etorkizuneko sarbideei zerbitzua emango dien adarra barne.