Euskal Trenbide Sarea eta Euskotren trenbidearen arloan Europako segurtasun-sistema aurreratuena (European Rail Traffic Management System —ERTMS—) ezartzeko gaueko lehen probak egiten hasi dira. Sistema hori 2026an jarriko da abian lehen aldiz Gipuzkoan, Hendaia eta Usurbil artean, eta pixkanaka sare osora hedatuz joango da. Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak, Antonio López eta Javier Seoane enteko eta sozietate publikoko zuzendari nagusiekin batera, Arasoko (Irun) lantegiak bisitatu ditu asteazken honetan. Lantegi horietan, gidatze-profesionalentzako segurtasun sistema berriko prestakuntza-simulagailu espezifikoa eta aginte-postuko ekipoetarako zirkulazio-simulagailu berria instalatu dira.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, "funtsezko prozesu baten aurrean gaude gure trenbide-zerbitzuen segurtasunaren arloan eta, hortaz, baita horien kalitatean ere, aurrera egiten jarraitzeko; Gipuzkoan hasiko gara, eta pixkanaka sistema berria ETSren eta Euskotrenen sare osora zabalduko dugu".
Sistema berria faseka inplementatuko da tarte jakin batzuetan. Usurbil eta Hendaia arteko trazaduratik hasiko da 2026ko bigarren seihilekoan, eta Zumaiara zabalduko da 2027ko hasiera aldean. Une honetan, Euskotrenen gidari taldea prestakuntza teorikoa jasotzen ari da, eta, ondoren, saio praktikoak jasoko ditu, Araso eta Lebarioko instalazioetan dagoeneko eskuragarri dauden bi simulagailu berri erabilita. Prestakuntzaren hirugarren zatia trenbidean bertan gidatzeko praktikak izango dira.
Euskotrenen kasuan, 260 profesionalek egingo dute prozesu hori. Horrela, sistema berrian trebatutako lehen pertsonak Donostiako trenbide-pasagunea abian jarri aurretik egongo dira prestatuta, eta une horretan jarriko da funtzionamenduan ERTMS sistema.
Simulagailuetan noizbehinkako egoerak erreplika daitezke, ohiko zerbitzuan maiz agertzen ez direnak, baina entrenamendu espezifikoa behar dutenak segurtasunez ebatzi ahal izateko. Elementu horiek errealismoz erreplikatzen dituzte gidatze-egoerak, baita aginte-postua ere, makinistek zirkulazioan zehar etengabeko komunikazioan egon behar baitute (batez ere, bidean bat-batean agertzen diren elementuek eragindako gorabeheren aurrean, azpiegituran edo material mugikorrean izandako matxuren aurrean, etab.). Hori dela eta, Euskotrenek ERTMS sisteman profesionalak entrenatzeko beste bi ordenagailu eramangarri espezifiko gehitu dizkie dauden bederatzi prestakuntza-simulagailuei, bata Arason eta bestea Lebarion. ETSk lehen aldiz ezarri ditu TZZ – trafiko zentralizatuko zentroen bi simulagailu, Euskadiko trenbide-sare osoaren operazioa simulatzeko, trafiko-operadoreentzako bi prestakuntza-posturekin eta trebakuntza-postu batekin. Simulagailuen xedea ETSko 80 langilek erabiltzea da, gai desberdinen artean ERTMSren inguruko praktikak egiteko.
ERTMS sistemaren lehen bide-probak
Aste honetan ERTMSko gaueko lehen probak egiten ari dira trenbidean, Irun-Hendaia tartean, sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko, bai tren-unitateetara egokitzeari dagokionez, bai azpiegiturari dagokionez. Unitate bat erabat hornituta dago eta beste bi sistema berrira egokitzeko fase desberdinetan daude.
Bai Euskal Trenbide Sarearen trenbide-sarea, bai Euskotrenen trenak ERTMS sistema horretan integratzeko prozesuan murgilduta daude, Europako Batzordeak bultzatuta. Horiek Europar Batasun osoan erabiltzen dira estandarizatzeko eta elkarreragingarritasuna errazteko. ERTMS sistemak pixkanaka-pixkanaka ordezkatuko du gaur egungo teknologia, EUROLOOP izenekoa. Teknologia horrek ia 30 operazio-urte ditu, eta horren zaharkitze teknikoak trantsizio hori egitera behartzen du. Migrazio horrek 70 milioi euroko inbertsioa ekarriko du datozen urteetan.
Biak dira ‘Automatic Train Protection (ATP)’ sistemak, eta trenbideetan gailuak jarrita dituzte. Gailu horiek hari gabeko informazioa helarazten die tarte bakoitzetik igarotzen diren trenei. Helburu dute trenaren gidatzea automatikoki gainbegiratzea, profesionalei tarte bakoitzean abiadura-marjina egokiak zein diren adierazteko eta trenari muga maximoak finkatzeko, adierazitako parametroak gaindituz gero balaztan jarduteko ahalmenarekin, besteak beste.
ERTMS sistema EUROLOOParekiko erabat desberdina da teknologikoki, eta bere hobekuntzen artean sartzen da sareko puntuaren profil osatuagoak ematen dizkiola trena gidatzen duen pertsonari, abiadura-profil dinamikoekin, semaforoen antzekoak diren trenbide-seinaleen egoeraren eta puntu horretako zein hurrengoetako orratzen arabera. Horrek aukera ematen dute, halaber, abiadura-marjina horiek bidearen baldintza aldakorretara (hala nola obretara edo meteorologiaren ondoriozko gorabeheretara) azkar egokitzeko. Horien artean daude, esaterako, luiziak edo adarrak katenariaren gainera erortzea. Izan ere, gaur egun, aldaketa hori eskuz egiten da bideetan jarritako gailuetan, eta ERTMS sistemarekin zuzenean egingo da aginte-postutik.

